Denbora igaro da Euskal Autonomia Erkidegorako Hezkuntza Lege proiektua argitaratu zenetik, eta dagoeneko tramitazioaren fasean sartu delarik, legearen inguruko zenbait hausnarketa partekatu nahiko genituzke. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) Hezkuntza Fakultateetako irakasleak gara, eta honenbestez, legeak arautuko duenak eragin zuzena izango du gugan eta gure ikasleengan.
Hilabete luzetan egon den eztabaidak argi eta garbi erakutsi digu legeak ez duela kontsentsurik lortu, ez hezkuntza komunitatean, ezta, oro har, gizartean ere. Kontrara, kritikak eta desadostasun sakonak piztu ditu, eta ez da inolako neurririk hartu desadostasun horiek lantzeko eta lege hobe bat egiteko. Hezkuntzak dituen bi premiei erreparatu nahi diegu orain, gure ustez giltzarriak eta itzuriezinak direlako, eta lege honek behar den bezalako erantzunik ematen ez dielako: eskola publikoa indartzea eta euskararen hedapena eta sakontzea.
Jakina denez, EAEn hezkuntza sistema dual bat dugu egun, non eskola itundunek pisu erabat puztua baitute. Hezkuntza eskubidearen alde lan egiten duten nazioarteko erakunde guztien gomendioen kontrako politikak aplikatu dira urtetan. Esaterako, hor dago Abidjango printzipioek esaten dutena; hots, hezkuntza-erakunde pribatuen finantzaketa publikoak behin-behineko neurria izan behar duela, eskola publikoak bete behar dituen funtzioak bete bitartean. Ez da hori EAEren kasua. Ikasleen ia %50 titularitate pribatuko eskoletan dago matrikulatuta, eta hamarkadetan betikotzen eta naturalizatzen joan den anomalia dugu. Oso kontziente gara anomalia horrek, neurri batean behintzat, duela zenbait hamarkadatako euskarazko hezkuntza publikoa jasotzeko ezintasuna duela jatorri. Euskalduntzean ikastolen mugimenduak egin duen lana goraipatzekoa da, zalantzarik gabe, baina egun ez gaude 1970eko edo 1980ko hamarkadetan, eta ezin dugu orduko markoekin pentsatzen jarraitu. Bestetik, eta batez ere, irakaskuntzak izan duen tradizio katolikoak azaltzen du, halaber, anomalia hori, eskola itunduetako gehienak erlijiosoak direlako oraindik. Gure aburuz, irakaskuntzaren laikotasunak ezinbesteko baldintza izan beharko luke ezein eskola diru publikoz hornitzeko.
Gizarte elebidunetan, hezkuntza sistemako irakas-hizkuntza hizkuntza minorizatua izan ezean, gizarte hori diglosiara kondenatua geratzen da. Horregatik, euskara ardatz duen eskolaren alde egitea ezinbestekotzat jotzen dugu
Ikerketek diotenez (besteak beste, ikus Javier Murilloren lanak), arestian aipatutako sistema dualak jatorriaren eta klasearen araberako segregazioa sortzea eragin du. Ondorioz, sistema erabat desorekatua dugu: eskola publikoak egoera zaurgarrian bizi diren ikasle askoz gehiago jasotzen du, eta desoreka horrek hezkuntza inklusiboa bermatzea galarazten du. Eskola itunduen aldeko desoreka hori ezabatzeko garaia da, eta hezkuntza eskubidea bermatzeko eskola publikoa sistemaren zutabe nagusi bihurtzekoa.
Bigarrenik, baina ez horregatik garrantzia gutxiagokoa, euskalduntzearen gaia dugu. Hor ere legea ezin lausoagoa da, eta azkeneko albisteek diotenaren arabera, orain 40 urte pentsatu ziren hizkuntza-ereduak mantentzeko asmoa dago. Berriz ere gauza bera esan beharra dugu, hots, egun ez gaudela 1970-1980ko hamarkadetan, eta etorkizuneko erronkei erantzuteko neurri berri eta irmoak hartu behar direla. Ebidentzia guztiek esaten digute Euskal Herriko gazteak euskalduntzeko ezinbesteko bidea dela eskola euskaldun indartsua edukitzea, zeinetan euskara izango baita irakas-hizkuntza. Horrek bakarrik ez du gizartearen euskalduntzea bermatuko, baina ezinbesteko habea dateke. Aspaldi erakutsi zuten soziolinguistek (Fred Gennesse-ren ikerketatik abiatuta) oinarrizko ideia hau: gizarte elebidunetan, hezkuntza sistemako irakas-hizkuntza hizkuntza minorizatua izan ezean, gizarte hori diglosiara kondenatua geratzen da. Horregatik, euskara ardatz duen eskolaren alde egitea ezinbestekotzat jotzen dugu, orain arteko hizkuntza-ereduak gaindituko dituena eta XXI. mendeko testuinguruari dagokion eredu berria sortuko lukeena.
Sinetsita gaude gizartearen eta hezkuntza komunitatearen gehiengoak bat egiten duela bi puntu horietan. Etorkizun oparoago eta berdinzaleagoa edukitzeko eskola publiko euskaldun eta inklusibo bat bultzatu behar dugu, eta horregatik, prozesua berrabiatu eta lege berri bat lantzeko dei zintzo eta urgentziazkoa egin nahi diegu parlamentuko alderdi guztiei zein euskal gizarte osoari.
*EHUko 37 irakasle hauek sinatzen dute:
Juan Abasolo
Elena Agirre Basurko
Uzuri Albizu Mallea
Iratxe Antonio-Agirre
Txabi Arnal Gil
Nerea Arruti
Alexander Artzelus Muxika
Maitane Basasoro Ziganda
Mari Mar Boillos
Berta Echeberria
Ibon Egaña
Ainhoa Ezeiza Ramos
Karla Fernández de Gamboa Vázquez
Oihane Fernandez-Lasarte
Rakel Gamito
Mikel Gartziarena
Alex Gurrutxaga
Ane Izagirre
Miren Koro Jauregi Elizondo
Saioa LarrazaIrati Leon Hernandez
Itsaso Madariaga
Jon Martin
Judit Martínez Abajo
Igone Palacios Agundez
Alfredo Pérez de Sosoaga
Estitxu Ramos Díaz
Arantza Rico
Javier Ruiz de Arcaute Graciano
Aitor Xabier Ruiz de Luzuriaga Urtiaga
Eider Sainz de la Maza
Egoitz Salsamendi Pagola
Beñat Sarasola
Amaia Serrano
Alaitz Tresserras Angulo
Jon Urraza Intxausti
Daniel Zuazagoitia Rey-Baltar