argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza publiko “indartsua” aldarrikatu dute sindikatuek aho batez Jaurlaritzaren murrizketen aurrean
  • Osasun krisiak aurretik ere beharrezkoak ziren neurriak “premiazkoak” bihurtu dituela adierazi dute. Baliabideak jartzera eta sindikatuekin negoziatzera deitu dute Jaurlaritza. Egin ezean, mobilizazioekin eta erantzun “sendoekin” erantzungo dutela ziurtatu dute.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 13a
Jaurlaritzaren aurrean mobilizatu ziren sindikatuak ekainaren 29an. Argazkia: lab.eus.

Irakaskuntza arloko EAEko sindikatuek ohar bateratua argitaratu dute. Steilas, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila murrizketak “inposatzen” ari dela salatu dute, haiek informatu ere egin gabe: “ IRALEko ikastaroetan, Euskal Girotze barnetegietan,ikastetxeetara helarazi diren lanpostu zerrendetan, ikastetxeetako beharren indizeek sortutako errefortzuetan...”. Murrizketak bidegabeak izateaz gain “inprobisatuak” ere izaten ari direla adierazi dute.

Norabidea aurkakoa izan behar duela iritzi diote sindikatuek, oro har zerbitzu publikoak babestuz eta zehazki hezkuntza publikoan “inbertituz”: “Hezkuntza publiko indartsu bat gizartean jatorriz dauden desorekak konpentsatzeko tresna aparta da”.

BPGren %6 hezkuntza publikorako

UNESCOren gomendioei jarraiki, BPGren %6 hezkuntzara bideratu dezala eskatu diote sindikatuek Jaurlaritzari, gogoratuz 2019 urtean %3,5 inbertitu zela soilik. Helburu hori betetzeko aurrekontuak moldatzea proposatu dute. COVID-19ak aurretik zeuden beharrak larriagotu dituela uste dute sindikatuek, eta aldarrikapen zerrenda mardula jaso dute: “Ratioak jaitsi eta langile kopurua handitzea, Haurreskolak Partzuergoko doakotasuna, hezkuntza premia berezirako baliabideak handitzea, baita Pedagogo Terapeutak eta HIPIak ere, behar diren garbitzaile, sukaldari eta jantokiko arduradunak bermatzea, langileen lan zama arintzeko neurriak hartzea, langileen erretiroa ahalbidetuko duen gazte-berritze plan bat abiaraztea, behin behineko langileen bermedun kontsolidazioa, kontziliaziorako neurri errealak bermatzea funtzionario, lan legepeko langile finko zein ordezko eta behin behinekoentzat, arrakala digitalari modu hobean erantzun ahal izateko beharrezko material zein formakuntza digitalari eustea, euskara errefortzurako programak indar ditzala…”

“Aurrean topatuko gaitu”

Neurri horiek guztiak garatzeko baliabideak eta negoziazioa aldarrikatu dute sindikatuek. Orain arteko murrizketen eta inposizioen bidea alboratu ezean, mobilizazioak eta erantzun “sendoak” iragarri dituzte: “Hori guztia aldatu ezean aurrean topatuko gaituela jakinarazten dugu!”