Hego Euskal Herriko hezkuntza-komunitateek "Hezkuntza Plazara" agiria publiko egin dute; egungo larrialdiei erantzuteko gutxieneko aldarrikapenak bildu dituzte bertan. Besteak beste, arrakalak gainditzeko baliabideak jartzea, "behar gehien duten kolektibo eta ikastetxeetatik hasita". Abenduaren 1ean "mobilizazio egun koloretsua" eta deszentralizatua deitu dute Hego Euskal Herrian.
Azaroaren 6an Gasteizko Mariturri eskolaren sarreran egin dute publiko ekimena, eta adierazi dutenez, Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako hezkuntza-komunitate ezberdinek, zein, ikastetxe publiko, herri eskola txiki, eta baita, ikastoletako kide norbanakoek sustatua da. "Iazko ikasturte amaiera latza izan zen, gizarte osoarentzat bezala, hezkuntza-komunitatearentzat ere. Baina, aurtengoaren hasiera ez da hobea izan, eta ikastetxeetan dauzkagun beharrei erantzuteko beharko litzatekeen plangintzarik gabe jarraitzen dugu". Horren aurrean, aldarrikapen hauek egin dituzte:
Ikasleak, hezkuntza langileak eta familiak erdigunera
Hezkuntza komunitatearen lana aitortu behar dela azpimarratu dute eta administrazioen utzikeria salatu dute. Ikasleak jarri behar direla erdigunean adierazi dute: "Zoritxarrez, gobernuen arau, dekretu eta ekimenetan objektu bezala tratatuak gara, gure papera arauak betetzera eta txintxoak izatera mugatzen delarik. Non gelditzen ari dira haurren eskubideak? Non gelditzen ari da ikasleon hezkuntza eskubidea? Gobernuen
eta hainbat ikuskariren irizpideak jarraituz gero txikienentzako dena da arriskua, asko da debekua, besarkadarik ez, jolasik apenas,... Osasun irizpideek osasun fisikoa dute ardatz bakar eta osasun emozionala baztertua geratzen da". Hezkuntza langileak eta familiak ere erdigunera atera beharra nabarmendu dute.
Arrakalak gainditzeko baliabideak eskatu dituzte, "behar gehien duten kolektibo eta ikastetxeetatik hasita". Gainerako aldarrikapenak, hauexek dira:
Eskolak auzoan eta naturan ematea: "Osasun eta pedagogia ikuspegitik, hiri/herri/auzo mailako beste espazio publiko batzuen erabilera eta naturan ere heztea ahalbidetu behar da".
Haurren eskubideak errespetatzea.
Ratioak jaistea eta langile "askoz gehiago" kontratatzea.
Jangelak ikasle guztientzako zabaltzea.
Zaintza eta kontziliazioa bermatzeko neurriak: "Haurren zaintzarako aurrez aurreko eskolak, eskolaz kanpoko ekintzak haur guztientzat eta [COVIDagatik itxialdian egon behar duten ikasleen] gurasoentzat ordaindutako baimenak behar ditugu".
Eraldaketa pedagogikoa: urteetan egin den lana ez albo batera uztea.
Euskararen erabilera eta euskal kulturaren transmisioa: "Ikasle gehienentzat euskara eta euskal kulturarekiko bizipen bakarra eskolan gertatzen da, hilabete luzeen ondoren arrakala linguistiko eta kulturalak areagotu dira, horregatik murgiltze ereduaren orokortzea eta euskal curriculumaren garapena beharrezkoak dira".
Curriculuma malgutzea, ikasleen behar eta erritmoetara egokituz: "Inor atzean utzi gabe, edukien transmisioan baino balore, printzipio eta konpetentzietan hezi, COVID19a bizi dugun mundua ulertu-eraldatzeko prestatuz".
Parte-hartzea herri eta auzoei ere zabaltzea.
Abenduaren 1ean mobilizazio koloretsua eta deszentralizatua
Deia egin dute hezkuntza komunitateak eragile izan daitezen: "Gure herri/auzoak errealitate honen partaide egin ditzagun, gure aldarrikapenen defentsara bilduz. Izan ere, hezkuntza ez da eskolaren ardura soila gizarte osoaren ardura baizik". Goian azaldutako aldarrikapenak zabaltzeaz bat, hezkuntza-komunitate bakoitzak bere egoera eta behar propioak gehitzera dei egin diete ekimenaren bultzatzaileei. Bakoitzak bere inguruan nahi dituen mobilizazio formatoak erabiltzea da hauen planteamendua, "beti segurtasun neurriak zainduz". #hezkuntzaplazara traolaren bidez mobilizazioen berri sareetan zabaltzeko deia egin dute. "Ikus-entzun gaitzala Euskal Herriak eta egin irribarre hortzak erakusteko modu eraginkorra da eta!"