Hezkuntza oposaketetako deskalabruaren ostean (bete gabe geratuko dira eskainitako plazen %25 gutxienez), plataforma sortu dute 500 bat irakasle kaltetuk: hautaketa-prozesu gardena eskatu dute eta azterketak gero eta konplexuagoak direla, ebaluazio irizpideak ez dituztela ezagutzen, zuzenketa oso zorrotzak egiten zaizkiela eta azterketak/zuzenketak ezin dituztela berrikusi salatu dute.
Plataforma DBH eta Lanbide Heziketako irakasleek sortu dute, eta erreklamazioak aurkeztu ahal izateko batu dira. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren hitzetan, oposaketetako emaitzek harritu egin ditu, “baina prozesua ongi eraman da”. Oraingoz, 375 dira bete gabe geratuko diren DBH eta Batxilergoko plazak.
Elkarretaratzea Bilbon
Astearte honetan, 12:00etan, elkarretaratzera daude deituta administrazio guztietako behin-behineko langile publiko guztiak, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko delegazioaren aurrean. “Oposaketa ereduaren, emaitzen eta prozesuaren iluntasunaren aurka” egingo dute protesta.