argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza Legea: erreformaren bide agortua

Ikasle Abertzaleak @IAbertzaleak 2022ko martxoaren 21a

30 urteren ostean Eusko Jaurlaritza Hezkuntza Lege berri bat egiteko prozesuan da, hezkuntza modernizatzeko asmoa duena. Eztabaidagai dago hezkuntza legearen edukia, eta dirudienez, adostasuna dago alderdi politiko gehienen artean. Hezkuntza sistemaren arazoak konponduko dituen lege proiektu bezala saldu den arren, aterabide partzialak proposatzen ditu soluzio integralak eskaini ordez. Izan ere, ez da erreforma posiblerik, hezkuntzako arazo estrukturalak konponduko dituenik.

Azken urteetan, gizartearen probretzearekin batera, hezkuntza sistemak ere nabarmen egin du okerrera: baliabide falta, gehiegizko ratioak, segregazioa, edukiaren merkantilizazioa, balio liberaletan oinarritutako ikasgaiak… Finean, hezkuntza negozio hutsa bilakatu da, eta errentagarria izan dadin erlazio sozioekonomiko berrietara egokitu behar da. Gure ustez, horretara dator lege berri hau.

Legearen hainbat atalek bereziki kezkatzen gaituzte, eskolak enpresagune bilakatzeko arriskua antzematen baita. Kudeaketa deszentralizatuz, zuzendaritzak profesionalizatu eta espezializatzen dira. Horrela, enpresaburuen antzera eskoletako erabaki estrategiko garrantzitsuenak inolako kontrol demokratikorik gabe hartuko dituzte: ikasleon eskubideen aplikazioa, finantziazioa… Horrek autoritarismoaren zilegitzea ekar dezake.

"Hobekuntza partzialak soluzio gisa proposatzeak, arazoak betikotu eta fokua errotik desbideratzen du"

Bestetik, lege honek ez dio konponbide errealik ematen hezkuntza sistemak duen arazo nagusietako bati: segregazioari. EAEkoa, gainera, Europako hezkuntza sistema segregatzaileenetako bat da. Klase gizartearen berezko problematika den heinean, ezin daiteke lege baten bidez konpondu. Hau da, finantziazioa igotzeak ez du arazoa bere osotasunean ebatziko, nahiz eta hobe dezakeen. Dena dela, beharrezkoa da segregazioaren kontra eta ikasteko eskubidearen alde antolatu eta neurriak hartzea.

Auzi zentrala kapitalaren dinamikak hartu dituen joera produktiboetan dago: langabezia geroz eta estrukturalagoa da, lan postuak automatizatzen ari dira… burgesiak geroz eta lan-indar gutxiago behar du, eta hortaz, ez du hezkuntzako inbertsioak handitu beharrik. Hezkuntza publikoaren masa eredua agortzen ari da. Horrek, gainera, hezkuntza publikoko lanpostuak ere arriskuan jar ditzake eta sakonki prekarizatu.

Hirugarrenik, euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko neurri eraginkorrak hartu behar dira. Hau da, euskal herritar orok euskaraz ikasteko baldintza materialak izan behar ditu.

Laburbilduz, EAEko hezkuntza legeak Espainiako gobernuak ezarri dituen erreformen antzerako norabidea elikatzen du: enpresen esku-hartzea, pribatizazioa prekarizazioa... eta hobekuntza partzialak soluzio gisa proposatzeak, arazoak betikotu eta fokua errotik desbideratzen du. Are gehiago, lortzen den kontsentsu sozialaren bitartez, desmobilizazioa handitzen da.

Horregatik guztiagatik, hezkuntza lege honi ezezkoa emateko ere kalera aterako gara martxoaren 24an. Hezkuntza legeen aurrean mobilizatu eta antolatzeaz gain, hezkuntza sistema sozialista aldarrikatzea beharrezkoa da: doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den hezkuntza eredua; gizakiaren beharretara egokituko dena; gizartearen garapen kontziente eta emantzipatzailea oinarri izango duena.