argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza Legea “atzera botatzeko” mobilizazioa egin dute Donostian
  • Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta, Hezkuntza Legeak “sistemaren pribatizazioan sakontzen” duela salatu dute Donostian hainbat eragilek.

     

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko urriaren 30a
Mobilizazioa Donostian. // Argazkia: Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma

Hezkuntza Lege proiektuaren aurkako mobilizazioa deitu du Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak igandean Donostian. Protestan parte hartu dute EHIGE —Euskal Herriko Gurasoen Elkartea—, HEIZE, eta Steilas, CCOO, ESK sindikatuek. Halaber, haien babesa adierazi dute Ikasle Sindikatuak, Ikasle Abertzaleak, Ikasle Ekintza eta Gazte Komunista antolakundeak.

“Eskola publikoak aurrean dituen erronkei erantzunik ematen ez dien legea” dela adierazi dute eragileetako kideek. Halaber, EHIGEko koordinatzaile Lurdes Imazek proiektua “atzera botatzeko” eskatu du: “Sistemaren pribatizazioan sakontzen duelako, eskola publikoa baztertzen duelako eta ez duelako ikasle guztien euskalduntzea bermatzen”.

Bestalde, eragileek proiektua “iruzurtzat” jo dute. Haien esanetan, itunpekoen alde egiten dutelako, eskola publikoa legearen ardatz dela adierazten duten arren: “Sare pribatuari inongo baldintzarik gabe finantziazioa bermatzen zaion heinean, eskola publikoa sustatzeari eta bere erronkei modu eraginkorreean erantzuteari uko egiten zaio”.

Garbiñe Biurrun epaileak defendatu du “ikastetxe publikoek euskalduntze osoa eskaintzen” eta “ikasleen eta familien elkarbizitza bultzatzen dutela”. Halaber, “sistema zaharkituari betiko arrazoiengatik” eusten zaiola adierazi du: “Interes partikularrak, interes ideologikoak, alderdikoiak eta elite sozial, ekonomiko eta politikoei eusteko, hezkuntzaren aldeko itun sozial batek izan behar duenaren kontrakoa”.

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak eskaintza publikoa “udalerri eta auzo guztietan bermatzea” eskatu du, eta “plaza pribaturik ez ituntzea” aldarrikatu du: “Lege berriak norabide horretan egin behar luke planifikazioa, eta itunpeko ikastetxe pribatuen gain-eskaintzarekin amaitu”