argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza Lege frustratua
  • 2013an abiatu zuen Eusko Jaurlaritzak Heziberri 2020 plana, sarritan hauspotu duen erronka anbiziotsuarekin: EAErako hezkuntza lege berria sortzea. Baina iritsi da 2020a, eta ez dago legerik; are gehiago, Hezkuntza Sailak apenas aurkeztu duen zirriborro bat legebiltzarrean, hezkuntza komunitatearen eta alderdi politikoen adostasunik ez duena eta kritika ugari jaso dituena. Zer gertatu da zazpi urteotan?

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko uztailaren 10a

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak pasa den urrian berretsi zuen 2020ko lehenengo hiruhilekoan hezkuntza lege berria izango zuela EAEk, baina proiektuaren ordura arteko ibilbidea ikusita, inork gutxik espero zuen halakorik. Uriartek zazpi urte daramatza legea iragartzen, Jaurlaritzak pasa den legegintzaldirako jarritako helburu handia baitzen, baina ez du lortu.

Hasieratik oso mesfidati hartu zuen lege berriaren albistea eskola publikoaren defentsan dabilen hainbat eragilek: laburrean, legeak eskola kontzertatuak bere barne hartzeak eskola publikoaren kalterako izango dela uste dute eragile horiek, eta garbi dute eskola publikoak lehentasuna izan behar duela. Hala, ikastetxeen finantzazio eta baliabide banaketa berri baten aukera txinparta izan da, publiko eta kontzertatuen arteko harremana gaiztotzeko. Ikasleen segregazioa izan da harreman mikaztu horren joko-zelai nagusietakoa –premia bereziak dituzten ikasleak batez ere eskola publikoak hartzen ditu, eta ez duela behar bezala jokatzen leporatzen dio eskola publikoak kontzertatuari–.

Horren aurrean, zer egin du Jaurlaritzak? Eskola publiko eta itunpekoekin bilera bat bestearen atzetik? Arantzatsuak diren gaiei buruz behin eta berriz eztabaidatu? Bada, ez

Horren aurrean, zer egin du Jaurlaritzak? Eskola publiko eta itunpekoekin bilera bat bestearen atzetik? Arantzatsuak diren gaiei buruz behin eta berriz eztabaidatu batzuekin eta besteekin? Lege egonkor bat ziurtatzeko alderdi politikoekin aliantzak bilatu? Bada, ez: Heziberri onartu zenean bezalaxe, eta Hezkuntza Sailari beste prozesu eta krisi ugaritan leporatu zaion moduan, oraingoan ere hezkuntza komunitatea erabakiguneetan aintzat ez hartzea eta aldebakartasunez jokatzea egotzi diote. Sei urte luzeren ostean, 2019ko urrian hausnarketarako dokumentua aurkeztu zuen Cristina Uriartek legebiltzarrean, alegia lege-proiektu ere ez den dokumentu bat, administrazioak eta haren adituek prestatua, eta horretaz hitz egiteko bi bilerara deitu zituzten hezkuntza arloko norbanako batzuk, eta ondoren Euskadiko Eskola Kontseiluak onartu zuen dokumentua. Alderdi politikoekin ere ez zuen aurretik eztabaidatu.

Emaitza, inor gutxi asetu duen zirriborroa: hain oinarrizkoa den finantzaketa arloari buruz, adibidez, ez du ezer esaten; eztabaidaren muinean dagoen eskola-segregazioa ere azaletik jorratzen du, neurri zehatzik proposatu gabe –urtebete lehenago, Zubiak Eraikiz plataformak eskola-segregazioa gainditzeko legebiltzarrean aurkeztutako lege proposamena atzera bota zuen Jaurlaritzak, argudiatuz hezkuntza lege berriak helduko ziola gaiari–; irakasleen egonkortzeari buruzko zehaztapenik ere ez…

Uriartek jarraituko al du Hezkuntzaren gidaritzan, EAJ-PSEk gobernatuz gero, ala beste norbaitek hartuko du barkuaren zuzendaritza, hezkuntza komunitate osoa kezka handiz irailera begira dagoen honetan?

Aurrekari hauekin, zaila da jakitea legegintzaldi berrian zer gertatuko den lege asmoarekin. EAJ-PSEk gobernatzen jarraituz gero, helduko diote patata beroari ala bazterrean utziko dute? Azken finean, zereginik ez da falta Hezkuntza arloan, eta zortzi urteotan Cristina Uriartek fronte ugaritan aritu behar izan du: azkena, COVID-19aren harira Hezkuntza sailetik egin den gestioa, oso kritikatua. Uriartek berak jarraituko al du Hezkuntzaren gidaritzan, EAJ-PSEk gobernatuz gero, ala beste norbaitek hartuko du barkuaren zuzendaritza, hezkuntza komunitate osoa kezka handiz irailera begira dagoen honetan?