argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza Legeak euskara eta euskal kultura ardatz izatea exijitu dute hezkuntzako eta euskalgintzako 211 adituk
  • Euskara eta euskal kultura etorkizunaren ardatz adierazpena aurkeztu dute, Euskalgintzaren Kontseiluak sustatuta, "euskara hezkuntza-sistemaren hizkuntza normalizatua" izan dadin. Hezkuntza, euskara eta kulturaren munduko 211 aditu, profesional eta sortzailek bat egin dute adierazpenarekin.

Lide Iraola 2022ko abenduaren 05

Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez aurkeztu dute Euskara eta euskal kultura etorkizunaren ardatz adierazpena. EAE Euskal Autonomia Erkidegoan Hezkuntzaren Legea eztabaidatzen ari den honetan, hezkuntzaren, kulturaren eta euskararen munduko 211 aditu, profesional eta sortzailek instituzioei eskatu diete zehazteko hezkuntza arautu eta ez arautuan euskalgintza transmititzeko bidea zein izango den.

Leire Vargas idazleak eta Iratxe Retolaza literatura irakasleak irakurri dute idatzia Bilbon, baina atzetik babes sendoa du. Larunbatetik aurrera, gainera, edonork bat egin dezake adierazpenarekin Kontseiluaren webgunean. Euskal kultura ekosistema bat dela jaso du dokumentuak, eta haren eragile guztiak elkar elikatu behar direla herritar guztiek izan dezaten euskara eta euskal kultura ezagutzeko eskubidea. Horregatik, hezkuntza sistemak ere erantzukizuna du eta legeak euskararen alde determinazioz jokatu behar duela exijitu dute. 

Euskara, hizkuntza normalizatua

Adierazpenaren arabera, zehazki, hezkuntzak bermatu behar du ikasle guztiek euskara maila "egokia" erdiestea derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan, edozein izanik ere bizitokia, jatorria edota egoera sozioekonomikoa, besteak beste. Izan ere, euskara hizkuntza gutxitua den honetan, sinatzaileek uste dute legeak ez duela euskara gaztelaniaren parean jarri behar: "Euskarak izan behar du hezkuntza-sistemaren hizkuntza normalizatua". Modu horretan, euskara gutxiago duenari gehiago ematea izan behar da oinarria, errealitatearen arabera moldatuz. Euskara ikas- eta irakas-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa aldarrikatu dute.

Euskal kultura

Bestetik, kulturaren garrantzia nabarmendu dute, "hizkuntza ezin ulertu baitaiteke kultura alboraturik", eta legeak badu zeregina horretan ere: "Euskal kultura ardatz duen euskal curriculuma" exijitu dute. Hezkuntza-sistemak kulturaren transmisioa bermatu dezan, bi lan ildo zehaztu dituzte: batetik, euskarazko kulturgintzaren historia eta orainaren ezagutza; eta bestetik, euskaraz sortzeko grina transmititzea ereduak emanaz.

Halaber, Bilbon aurkeztutako adierazpenak jasotzen du euskal kultura errealitate batean kokatzeko beharra: alegia, euskararen herria diren zazpi lurraldeetan kulturak hartzen duen forma transmititzea.

Eusko Jaurlaritzak irailean argitaratu zuen Hezkuntza Legearen lehen zirriborroa, eta ordutik eztabaida eta protestak eragin ditu. Mikel Garciaren ondoko erreportajean jasota dagoenez, puntu beroenak dira publikotasuna eta euskarak irakaskuntzan izan behar duen pisua.