argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza ituna onartu du Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak
  • EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin-Podemos taldeen aldeko bozkekin onartu da ituna. Voxek aurka bozkatu du, eta PP-Ciudadanos alderdiak ez du bozketan parte hartu. Behin batzordean onartuta, apirilaren 7ko osoko bilkuran egingo da itunaren behin betiko bozketa.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 28a
Argazka: @PVasco_EuskoL

Aurreikusi bezala, gehiengo zabalarekin onartu du Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak hezkuntza ituna, aurretik ituna adostua zuten lau talde politikoen eskutik. Jaurlaritzan gobernukide diren EAJ eta PSEren ordezkariek akordioaren garrantzia azpimarratu dute. Berria-k jaso duenez, EAJko Leixuri Arrizabalagak itunak lortu duen “adostasun zabala” nabarmendu du, eta PSEko José Antonio Pastorrek adierazi du legebiltzarraren %90aren babesa izatea “mugarri” dela.

EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemosek ere defendatu dute ituna. EH Bilduko Ikoitz Arresek onartu du ituna ez dela osoki bere taldeak nahiko lukeena, baina “positiboa” dela defendatu du. Hezkuntzaren eta euskararen arloko zenbait eragilek eginiko kritiken aurrean, adierazi du itunak segregazioaren aurkako neurriak jasotzen dituela, eta ez duela eskola publikoa ahulduko. Elkarrekin-Podemoseko Iñigo Martínezek ziurtatu du itunak eskola publikoaren eta euskararen alde eta segregazioaren aurka egiten duela.