argia.eus
INPRIMATU
Desobedientzia zibila azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde
Hezkuntzako hiru egoitza okupatuta lortu du Seaskak Bordeleko akademiako errektorearekin bilera
  • Ipar Euskal Herriko ikasleek baxoa eta brebeta azterketak euskaraz egitea lortzeko borroka lehen lerrora ekarri du berriro ere Seaskak. Oraingoan, desobedientzia ekintza batekin lortu behar izan dute Bordeleko akademiako errektorearekin bilera. Ostegunean irakasle eta gurasoek Baionan, Donibane Lohizunen eta Donapaleuko egoitzak okupatu dituzte. Salatu dute gai horri buruz hitz egiteko hitzordua eskatu zutela mila modutan Bordeleko akademiako errektorearekin, eta ez ziela erantzun ere egin nahi. Adierazi ostean ez direla egoitzetatik aterako haren erantzun bat lortu arte, hitzordua eman diete hurrengo asteazkenerako.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko apirilaren 07a
Seaskaren okupazioa, azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde. (Argazkia: Piarres Larzabal kolegioa)

Borroka luzea daramate Seaskak eta Ipar Euskal Herriko euskaldunek Frantziako Hezkuntza Ministerioaren aurka, euskaraz ikasteko eskubidearekin loturik. Bataila nagusietako batek azterketak euskaraz egin ahal izateko eskubidea du ardatz.

Bordeleko akademiako errektorearen esku dago brebetan eta baxoan probak euskaraz egin ahal izatea. Aurretik ere Seaskak salatua zuen brebeta azterketak euskaraz zuzentzeko bitartekoak badirela. "Baina ez dute nahi, erabaki politikoa da". Ez dute etsitzeko asmorik, ordea. Dena den, egoeraz informazio ugari ematen du Seaskako lehendakari Peio Jorajuriak Frantziako Hezkuntza ministro euskarafoboarekin duten gatazkaz egiten duen irakurketak, Ekhi Erremundegiri eginiko adierazpenetan.

"Azterketen gaian dogma bat ukitu dugu. Hezkuntza nazionalean badugu ministro bat dogmatikoa gai horiei buruz, frantsesa euskara baino gorago ezarri nahi duena eta ez duena onartzen euskararen ezagupen minimo bat ere", dio Jorajuriak. "Eta badakigu horretan dela blokatzen. Beraz, hori ez da argumentaziotik gainditzen ahal, beharko da iritzi publikotik gainditu, eta iritzi publikoa ukitzeko behar dugu ere gure ideiak zabalarazi molde guzietan".

Donibane Lohizuneko ikuskaritza akademikoaren okupaziora ikasleak ere hurbildu dira. (Euskal Irratiak)

Euskaraz egitea lortzeko eskubidea borrokaren bidez irabazi beharko dutela sinetsita, duela zenbait urtetik handitzen ari den dinamika desobedientea abian dute ikasleek. Adibidez, 2018tik euskaraz erantzuten dute brebetako zientzietako proba eta iaz ikasle batzuek baxoko proba ere euskaraz egin zuten. Ikasleen aldarrikapenak bere egiten zituztela-eta, azterketak zuzentzeari uko egin zioten zenbait irakaslek eta Donapaleuko zuzenketa zentroa okupatu zuten.

Eta zergatik da hain garrantzitsua azterketak euskaraz egitea? Argi azaldu du Baionako Bernat Etxepare Lizeoko ikasle batek, Berriako Ekhi Erremundegi kazetariaren galderaren harira: "Euskaraz ikasten dugunez txikidanik nahi ditugu azterketak euskaraz zuzenduak izan daitezen".

Hitzetatik ekintzetara

Korrikak iraun bitartean ARGIAn argitaratzen ari garen 'Hitzetatik Ekintzetara' serieko artikuluan aurkituko du irakurleak borroka honi buruzko informazio gehiago: Brebeta euskaraz: Ez dago isunik, irakasleak kikilduko dituenik.

Donapaleuko ikuskaritza akademikoaren okupaziora jende andana hurbildu da. (Euskal Irratiak)