argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza gotorleku
Laia Alduntzin 2025eko martxoaren 07a

Matxismoa normalizatzen ari da, eskuin muturreko alderdien nahiz sare sozialetako pertsonaien eskutik, ideia matxistak zabaltzen eta egonkortzen ari baitira gizarte osoan. Egoera larria da, eta are larriagoa izan daiteke, ideia zein jarrera matxistei eta erreakzionarioei ateak ixten ez badizkiegu.

Hezkuntza ez dago bizi dugun tendentzia horretatik salbuetsita eta ez gara urrun joan behar matxismo kasuekin topo egiteko. Azken astebetean, gutxienez sei irakasle erasotzaileren kasuak argitara atera dira Euskal Herrian, eta beste horrenbeste salatu dira ikasturtean zehar. Kasu horiek guztiek argi uzten dute matxismoa arazo larria bihurtzen ari dela hezkuntzan eta aurre egitea urgentziazkoa dela, izan ere, ezin dugu onartu gure ikasgeletan, gure ikastetxeetan, gure pasilloetan erasotzaileekin gurutzatu eta beste aldera begiratzea. Matxismoa orain kanporatu behar dugu hezkuntzatik, beranduegi izan baino lehen.

Erasoak kasu isolatu gisa ulertzetik urrun, zabaltzen ari den tendentzia orokor baten baitan ulertu behar ditugu, non matxismoaren normalizazioa eta indarkeria matxistaren gorakada ditugun protagonista. Gero eta gehiago dira emakumeok objektu gisa tratatzen gaituzten diskurtsoak eta matxismoa ukatzen duten ahotsak, eta indarra hartzen dute sare sozialetan zein instituzioetan. Horrek baldintza kultural paregabeak jartzen ditu erasoak biderka daitezen eta erasotzaileen inpunitatean sakon dadin.

Bestalde, irakasle erasotzaileei dagokienean, aipatzekoa da erasoa jasan duenaren eta erasotzailearen artean dagoen botere harremana, izan ere, ikasleok egoera zaurgarrian gaude irakasleen aurrean, eta irakasle erasotzaileak egoera horretaz probesten dira inpunitate osoz erasoak egiteko.

Aipatzekoa da erasoa jasan duenaren eta erasotzailearen artean dagoen botere harremana, izan ere, ikasleok egoera zaurgarrian gaude irakasleen aurrean, eta irakasle erasotzaileak horretaz probesten dira inpunitatez erasoak egiteko

Gogor salatzekoa da, baita ere, kasu horietan guztietan zentroetako zuzendaritzek, dekanotzek nahiz hezkuntza delegaritzek eta hezkuntza sailak izandako arduragabekeria. Izan ere, irakasleek egindako erasoez jakitun zirelarik, erasoak ezkutatzen eta erasoen aurrean antolatutako erantzunak isilarazten saiatu dira. Gehiago axola zaie beraien irudia garbi mantentzea, erasoen aurka zerbait egitea baino. Argi geratu da hezkuntza sistema kapitalistak ez duela gaitasunik eta, maiz, ezta borondaterik ere matxismoarekin amaitzeko.

Hezkuntza sistemak erakusten duen inkonpetentzia horren aurrean, baina, ez gara besoak gurutzatuta geldituko. Aski da! Ezin dugu egoera hau normalizatzen utzi. Eta normalizatzen ez uzteko modurik onena horren aurka borrokatzea da. Ikasleok orain arte Gasteizen, Eunaten, Askatasunan… erakutsi dugu antolatuz eta mobilizatuz matxismoak ez duela tokirik hezkuntzan, baina mobilizatzen jarraitzea ezinbestekoa da, gauza asko daude eta aldatzeko oraindik.

Bide horretan, martxoaren 8an Itaiak deitu dituen mobilizazioak eta martxoaren 13ko Ikasle Greba aukera paregabea dira matxismoaren aurkako kontzientzia ahalik eta ikasle gehienen artean hedatzeko, matxismoari bai kalean bai hezkuntzan aurre egiteko. Bertan ikusiko dugu elkar.

Laia Alduntzin, Ikasle Abertzaleak-eko kidea