Hegoaldeko lau hiriburuetan milaka lagun mobilizatu dira hezkuntza euskaldunaren alde. Leioako euskara taldeko bost kide identifikatu dituzte goizeko kontzentrazioan, baina mobilizazioak aurrera egin du: “Ez gaituzue geldituko”.
Espero baino jende gehiago topatu dute Bilboko Jesusen Bihotza plazan. Gazte Euskaltzaleen Sareak, EHUko euskara taldeak eta Ikamak esker hitzak izan dituzte martxoaren 23an hezkuntza euskaraz izateko eskubidea defendatzeko kalera atera diren irakasle, langile, guraso eta batez ere, ikasleentzat. Izan ere, Bilbon baita Donostian, Iruñean eta Gasteizen ere milaka lagunek egin dute protesta, “hezkuntza euskaraz izango da” lelopean.
Joseba Ugalde eta June Artetxe EHUko Leioako campuseko euskara taldeko kideak dira. Gaurko protestak eraldaketarako abiapuntu izatea espero dute, eta euskaraz ikasteko ezintasuna mahai gainean jartzea.
Azken asteotan hitzaldi eta asanbladak antolatu dituzte unibertsitatean, eta gazte askoren kezka dela ikusi dute. Halaber, sare sozialetan jasotako babesa eskertu dute. “Azkenaldian isilik mantendu da euskararen aldeko aldarria. Onartuta ditugu zapalkuntza ugari: esaterako, euskaraz ikasten ari garelakoan, gazteleraz irakurri, idatzi eta ikastea. Baina hori aldatu beharra dago”, nabarmendu dute Ugaldek eta Artetxek.
Leioan, gainera, goizean goizetik izan dute egun mugitua. Ertzaintzak bost kide identifikatu ditu lehen orduko kontzentrazioan. Euskara taldeak salatu du beste behin ere ikasleen mugimendua kriminalizatzen saiatu direla.
Poliziaren esku-hartzeak ez dituztela geldituko esan dute, eta behin eguerdiko hitzordua iritsita, oihuei eutsi diete Arriaga Plazara iritsi diren arte. Hauek izan dira leloetako batzuk: “Hezkuntza honek ez gaitu euskalduntzen; Euskararik gabe hezkuntzarik ez; Euskaraz ikasi nahi dugu”:
Unibertsitateko zein batxilergoko ikasleak izan dira gehiengoa. Maialen Arteaga Gazte Euskaltzaleen Sareko kidearen arabera, ozta-ozta lortu dute greba konbokatzea bai EHUn baita institutuetan ere. “Argi dago euskararen alde egiteko interes gutxi dagoela”, nabarmendu du.
Ikasleek badakite euskarak ez duela bere horretan aurrera egingo: “Aurrera eraman behar da, eraman behar dugu; guk, guztiok”, aldarrikatu dute, behin manifestariak Arriagaren parean bilduta zeudela. Eraldaketaren “motor eta erregai” izateko konpromisoa azaldu dute. Funtsean, "Euskal Herritik Euskal Herrirako" hezkuntza sistema propioa defendatu dute.
Instituzioei euskararen aldeko erabaki ausartak exijitu dizkiete. Izan ere, “ustez gaindituta zeuden diskurtso euskarafobo” egunerokoa baldintzatzen jarraitzen dutela salatu dute: “Gure administrazioetan daude, gure hezkuntza zentroetan daude eta ustezko justizian”.
Bilboko mobilizazioari amaiera emateko, Irantzu Idoate bertsolariak bertso bi bota ditu. Hemen osorik:
Gaur bidean doa gazteria
Eta badaki noruntza
Hizkuntz eredu honek behar du
Oinarrizko berrikuntza
Indar hontatik lora dadila
Amets berrien sorkuntza
Eguneroko erabilpena
Izan arren horren funtsa
Giren belaunaldi honetatik
Eman dezagun laguntza
Elkar eskutik lotu ditzagun
Hizkuntza eta hezkuntza
Nafarroako euskaldunak egin
Gaituztenez hiru parte
Iparraldeko azterketekin
Zenbat muga eta kate
EHUtik ere ez dute
Ez nahi ez borondate
Euskara ahots gabe uztea
Ezin onar genezake
Nahiz ta batzuek nahiago duten
Gu gelditzea aparte
Segiko dugu gure hezkuntza
Euskalduna lortu arte