Hik Hasi egitasmo pedagogikoak 2022ko Udako Topaketa Pedagogikoak egingo ditu Donostian uztailaren 4tik 6ra. EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatearekin elkarlanean 31 ikastaro antolatu ditu. Ekainaren 15era arte eman ahal izango da izena.
Hezitzaileen elkargune izango dira berriz ere Udako Topaketa Pedagogikoak. Uztailaren 4, 5 eta 6an izango dira, Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean. EHUko HEFAk eta Hik Hasik elkarlanean antolatu dituzte topaketak. Hezkuntzaren esparruko berrikuntzarako eta elkarlanerako gune izango dira ikasturte amaierako topaketak.
Orotara 31 ikastaro antolatuko dituzte. Haur Hezkuntzatik Batxilergora, hezkuntza etapa guztietako hezitzaileentzat interesgarria den eskaintza izango da: Argiaren pedagogia, artea, Montessori pedagogia, neurosiaren prebentzioa, mugen gaia, naturaren lanketa, euskararen erabilera adin tarte ezberdinetan, Eskola kirolaren gogoeta, Pedagogia sistemikoa eta kultur transmisioa landuko dituzte, besteak beste.
EHUrekin eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin elkarlanean antolatutako Lehen Hezkuntza eraldatzen ikastaroa nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek. Izan ere, ikastetxeetara datorren berrikuntza pedagogikoa landuko dute ikastaroan, eraldatzen ari den hezkuntzaren hobetzean alea jartzeko asmoz. Zentro ugaritako irakasleen eskaerei erantzunez antolatu dute ikastaroa. Parte hartzaileek Herrialde Katalanetako Ripollet herriko El Martinet eskolako esperientzia eraldatzailea barrutik ezagutzeko aukera izango dute, besteak beste.
Ikastaroen zerrenda osoa, informazio gehiago eta izen-ematea: hikhasi.eus