Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Delegaritzaren Bilboko egoitzan elkartu dira ostegun goizean Ikasle Abertzaleak antolakundeko kideak, Hego Euskal Herrian antolatu asmo duten ikasle grebaren inguruko xehetasunak emateko.
Ikasle Abertzaleek azaldu dutenez, hezkuntza "etengabe ari da erreformatzen, datorren ziklo ekonomikora egokitzeko ezinbestekoa baitzaio eraldakea prozesua". Martxan jarri nahi diren edo abian diren hezkuntza erreformak gogorarazi dituzte erakunde horretako kideek, hala nola unibertsitatean ezarri nahi den LOSU, jadanik DBHn ezarrita dagoen LOMLOE, eta Lanbide Heziketako Plana.
Lege horiek guztiek "krisi kapitalistari" erantzuten diotela uste dute, lehiakortasuna eta ekintzailetza eredu jakin bat bultzatu eta pentsamendu kritikoa "garatzeko aukera oro ezabatuko" da horrela, euren esanetan. Enpresen etekinak handitzea eta ikasketa alorrak horretara bideratzea dira erreforma horien beste helburuetako batzuk, diote Ikasle Abertzaleek.
Guk argi dugu erreforma horiek guztiek zuzen-zuzenean kolpatzen dutena langile klasea dela. Horregatik, uste dugu erreforma prozesu honen aurrean antolatzeko eta mobilizatzeko unea dela", azaldu dute. Hala, datorren martxoaren 24rako ikasle greba deitu dute Hego Euskal Herrian: "Kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izango den hezkuntza ereduan sakondu behar dugu, eta horretarako funtsezkoa den hezkuntza sistema sozialistaren norabidea elikatu".
Bestalde, Ikasle Abertzaleek salatu dute osteguneko agerraldian "Ertzaintzaren presentzia" handia, eta poliziak bost lagun identifikatu izana. Bilboko delegaritzaren egoitza aurrean egindako ekitaldian dozenaka ikaslek hartu dute parte, afixak eskuetan grebara deituz.
Bestetik, gaurko aurkezpenean izandako Ertzaintzaren presentzia salatzen dugu, baita 5 pertsona identifikatu izana ere. pic.twitter.com/ZbN81gM184
— Ikasle Abertzaleak (@IAbertzaleak) February 3, 2022