Eztabaidan dagoen EAEko Hezkuntza Legeak ikasleei "ez die balio", Ikamak salatu duenez, "gutxi batzuen mesedetarako" egina baita. Ostegunerako grebarako deia zabaldu dute, eta Hego Euskal Herriko lau hiriburutan egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera animatu. Hezkuntza eredu feminista, inklusiboa, euskalduna eta ekologista aldarrikatuko dute.
Zuenak ez digu balio, hezkuntza ikasleon neurrira lelopean, Ikama ikasle mugimenduak greba eta mobilizazio eguna antolatu du abenduaren 15erako. Salatuko dute EAEko Hezkuntza Legeak ez duela “gutxi batzuen mesedetarako den hezkuntza eredua" aldatzeko asmorik erakusten, eta eredu feminista, inklusiboa, euskalduna eta ekologista aldarrikatuko dute.
"Bestelako hezkuntza eredu baten ezinbesteko" bost oinarri zehaztu ditu Ikamak: feminista, genero eta sexu rolekin amaituko duena, zaintza erdigunean jarriz eta sexu segregazioa ekiditeko espazioak birformulatuz; inklusiboa, eredu publiko, doako eta laikoa ezarriz; euskalduna, hizkuntza eta “herri nortasuna” ardatz izango dituena; ekologista, bizi eredu jasangarrien baitan heziko duen “hezkuntza kritikoa” ardatz; ikasleon neurrira egindakoa, pertsonen beharretara egokituko dena eta osasun mentalaren zaintzarako tresnak emango dituena, besteak beste.
Ostegunerako Hego Euskal Herrian grebarako eta mobilizatzeko deia egin du Ikamak. 12:00etan hasiko dira lau hiriburutan: Donostian Bulebarretik, Iruñean Nabarreriatik, Gasteizen Andra Maria Zuriatik eta Bilbon La Casillatik.