argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza eredu arrotzei planto egitera eta gurea eraikitzera deitu dute milaka lagunek
  • “Inposizioei aurre egiteko modurik eraginkorrena gure hezkuntza sistema propioa eraikitzea da. Eta horri ekingo diogu!” adierazi zuten larunbatean, Hezkuntza Plataformen Topaguneak deituta egindako mobilizazioetan. Milaka lagun bildu ziren Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, egungo hezkuntza eredu “atzerakoia eta merkantilista” arbuiatzeko, eta sistema propioa eraikitzen hasteko.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2015eko azaroaren 30
"Guk, orain, hemen, gure hezkuntza eraiki!" izan zuten lelo mobilizazioek (Arg: Hezkuntza Plataformen Topagunea).

Guk, orain, hemen, gure hezkuntza eraiki! lelopean, LOMCE eta "berau aplikatzen duten Gobernu eta mozorroak" kritikatu zituzten bertaratuek, eta ikasturte honetan ere 3. eta 6. mailako kanpo-azterketei planto egitera deitu zuten: “Argi izan dezatela Madrilen, Iruñean eta Gasteizen, azterketa horiek ez ditugu egingo!”.

Horren ordez, txikitik handira eraikitako hezkuntza eredu propioa eskatu zuten Euskal Herriarentzat: euskalduntzen duen hezkuntza sistema, parekidea, hezkidetzan oinarritua, curriculum propioa izango duena, bestelako baloreetan eta pedagogia berritzaileetan heziko duena, catering enpresa handirik gabeko tokian-tokiko jantoki autogestionatuak bultzatuko dituena…

Atxikimendu asko… eta hutsune nabarmena

Talde eta norbanako ugarik egin zuten bat deialdiarekin, tartean Ikastolen Elkarteak, Ikasle Abertzaleek, Sortzen Elkarteak, LAB, ELA, Steilas eta ESK sindikatuek, Hik Hasik edota Hezkuntzan Geu Eragilek. Eskola publikoko gurasoak ordezkatzen dituen Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteak (EHIGE) ordea, ez zuen bere atxikimendua eman, deialdiko idatziek ez zutela Heziberriren aurka irmo egiten eta eskola publikoa ez zela aipatzen argudiatuta.