argia.eus
INPRIMATU
“Aurreko Jaurlaritzaren planteamendu berarekin jarraitzen dugu hezkuntzan”
  • Hezkuntza arloko sindikatu nagusiak, STEE-EILASek, bat egin du greba orokorraren deialdiarekin.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko maiatzaren 30
Sektore ugaritan sufritzen ari diren murrizketak eta lan-baldintza itogarriak parodiatu dituzte Irungo manifestazioan. (Argazkia: Mikel Garcia)

2010ean murrizketekin hasi zirenetik, “ez bakarrik Espainiako Gobernutik, baita Patxi Lópezen Jaurlaritzatik ere, zerbitzu publikoak erasotzen” ari direla dio Josu Zalbidea sindikatuko kideak, tartean osasuna, gizarte zerbitzuak, orain pentsioak… eta baita hezkuntza ere: “Espainiako Gobernuaren politikari ez diote erantzunik ematen gure legebiltzarrek eta horren aurrean geratzen zaiguna da gure posizioak indartzeko kalera irtetea”.

Hala, STEE-EILASen datuen arabera, EAEn orokortua izan da grebaren jarraipena hezkuntza arloan: “Eskualdeka ezberdina izan da jarraipena, baina oro har, irakaskuntza publikoko ikastetxeen %70 baino gehiagotan izan du eragina, haurreskola gehienak itxita daude, itunpeko ikastola gehientsuenak ere bai, eta sektore pribatuan txikiagoa izan da jarraipena”. Unibertsitateetan ere, ikasgelak hustu direla adierazi digu Zalbideak: “Campusak etenda daudela esan dezakegu”.

Murrizketen kontra bakarrik ez, LOMCE lege-proposamenaren aurka ere mobilizatzen ari dira hezkuntza eragileak, eta epelegi izatea leporatzen diote Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari. Areago, sailburuak “oraindik ez digu azaldu ere egin zein lan ildo eta egitasmo dituen –gaineratu du Zalbideak–. Ez dakigu datorren ikasturterako zein proposamen duen lan-baldintzei buruz, finantzazioaren inguruan, hizkuntza ereduen birmoldaketaz, Euskal Herrian eraiki behar dugun ereduaz… Ez dakigu ezer, eta badirudi LOMCE ezkutu modura erabiltzen dela beste guztia estaltzeko, aurreko Jaurlaritzaren planteamendu berarekin jarraitzen dugulako oraindik”.Hiru eskaera nagusi ditu sindikatuak agintarientzat: LOMCEren aurka egin dezatela, hemen ez dadin aplikatu; murrizketen kontrako jarrera garbia ager dezatela; eta hasi daitezela irizpideak markatzen gure hezkuntza eredu propioa zehazteko.