argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza arloko dekalogoa aurkeztu du LABek EAEko Hezkuntza Itunari begira
  • Herri eta auzo eskolen sare publikoa proposatu du sindikatuak, sistema dualarekin eta segregazioarekin amaituko duena, eta murgiltze eredu bakarrarekin.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 24a
Argazkia: LAB

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian Hezkuntza Itunaren inguruko eztabaida “ireki” dela eta hezkuntza ereduaren inguruko hausnarketa “Euskal Herri osora zabaltzeko” urratsak ematen ari direla iritzi du LABek, eta testuinguru horretan kokatu du bere proposamena. “Segregazioa gainditzea, murgiltze eredu orokortua ezartzea, ituntze unibertsalarekin amaitu eta finantziazio publikoa baldintzatzea, titularitatean eragitea eta hezkuntza langileen baldintzak hobetzea” dira ardatz nagusiak, sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta LAB Irakaskuntzako arduradun Irati Tobarrek laburbildu dutenez.

Euskal Eskola Publiko Komunitarioa

Hezkuntza sistema “propio eta burujabe” baten beharra azpimarratu dute LABeko ordezkariek, herri eta auzo mailako “Euskal Eskola Publiko Komunitario” sare batean oinarritutakoa. Sare hori publikoa izan beharko luke “osoki”. LABen esanetan, 1978ko itunen ondorioz ezarri ziren hezkuntza sistema “duala” eta hizkuntza eredua “gainditu” beharra dago. Aldaketak “trantsizio” bat eskatuko luke, eta hori “konfluentziatik” egin beharko litzateke.