argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza “apolitikoa” aldarrikatu dute hainbat gurasok, UPNko, PPNko, PSNko eta Ciudadanoseko politikariekin
  • Euskarazko bi haur eskola berrien aurka azaldu dira Iruñean hainbat herritar eta politikari, Hezkuntza apolitiko baten alde. Denok sartzen gara lelopean.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2016ko ekainaren 10a
Ostegunean bildu ziren Udal Plazan Udalari eskatuz ireki dezan matrikulazio epe berri bat.

UPNko Enrique Maya, Sanchez de Muniain eta Iñigo Alli, PSNko Maite Esporrin eta Gimeno Gurpegi, PPko Javier Garcia eta Ciudadanoseko Ramon Romero. Horiek dira hainbat gurasorekin batera ostegunean Udaletxe Plazan bildutako politikariak. Xedea: protesta egitea haur eskolen auziari lotuta.

Bi haur eskolen hizkuntza aldaketari dagokion auzian, "zirrikitu legalak" bilatzeari utz diezaioten "exijitu" diote Iruñeko Udalari, "ziurgabetasuna" handitu baino ez baitu egin familia eta hezitzaileen artean, protesta egileen hitzetan.

Epaitegietan dago orain Donibane eta Printzearen Harresi haur eskolen eredu aldaketa, baina elkarretaratzea egin duten gurasoek badute haien epaia: "Prozesua geratu egin behar da, eta 2016ko otsailaren 22ko egoerara bueltatu".

"Legeak dio lekualdatze eta aurrematrikula epea ireki behar dituztela berriz, lehengo moldearekin", adierazi dute. Era berean, udalari leporatu diote gatazka sortzea: "Ez ditzala gaztelaniazko eta euskarazko familiak elkarren aurka jarri".

(Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentzia baliatuta ARGIAra ekarri dugu)