argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza akordioaz, Bildarratz sailburuari

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea 2021eko urriaren 05a

Hezkuntza Akordio bat gertu dagoela gero eta sarriago entzuten ari garen honetan, Euskal Eskola Publikoaren Aldeko hainbat plataformetan, harridura handiz hartu ditugu Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak aurtengo ikasturtearen irekiera ofizialean egindako adierazpenak. Bere Sailak aurreikusten duen helburua Hezkuntza Itun baten alde lan egitea da, Hezkuntza Lege Berria onartu aurreko urrats gisa, eta horrek kezkatzen gaitu. Izan ere, Bildarratzek esan duenez, balizko Itun horren oinarria aurreko sailburua zen Cristina Uriartek 2018an sinatu zuen “Akordioa” izango bailitzateke. Oraingoan, Eusko Ikaskuntzak egingo du prozesua, eta datozen 30 urteetan euskal eskolak beharko lukeen izaera zehazteko akordio zabal bat lortzea du helburu.

Behin baino gehiagotan azaldu dugu gure desadostasuna abian jarri nahi den prozesu berriaren oinarria izango den dokumentu horrekin, erabili zen prozeduragatik eta edukiengatik (Jaurlaritzak berak erabaki zituen gaiak eta parte-hartzaileak, eta eztabaida bideratua eta mugatua izan zen) sare publikoko eragile guztiok bere garaian arbuiatu zutena.

"Prozesu azkar batek, diagnostikorik, helburu zehatzik eta funtsezko edukirik gabe, ez du ezer aldatuko; orain daukaguna indartu baino ez du egingo"

Horrez gain, gure kezkak eta zalantzak plazaratu nahiko genituzke antza, gertu dagoen balizko hezkuntza akordioaren inguruan:

- Hasteko, Sailburuak argitu egin behar du prozesua (denborak, parte-hartzaileak, edukiak...). Planteatzen dena azkarregia da. Ezinezkoa da urtebete batean egitea 30 urte iraungo duen akordio bat erdiestea.

- Akordio politikoa egon daiteke baina beharrezkoa dena hezkuntza hitzarmen sozial eta zabal bat da, benetako prozesu parte-hartzaile demokratikoa egitea, eta horrek denbora eskatzen du. 2018ko “Desakordioak” ez du balio.

- Harritzen gaitu Eusko Jaurlaritzak ez duela oraindik sistemaren aurretiko diagnostikorik egin bere indarguneak eta ahuldadeak zehazteko, edozein hobekuntza planak eskatzen duen bezala.

- Bildarratz sailburuak eskola-segregazioa dagoenik aipatu gabe jarraitzen du, euskal hezkuntza-sistemaren arazorik larriena. Halaber, ez du birplanteatzen azken hamarkadetan, Eskola Publikoaren kaltetan, itunpeko hezkuntzaren hazkundea sendotzen ari den finantzaketa-eredua berrikusteko beharrik.

Horrelako prozesu azkar batek, diagnostikorik, helburu zehatzik eta funtsezko edukirik gabe, ez du ezer aldatuko; orain daukaguna indartu baino ez du egingo. Hortik atera daitekeen balizko Hezkuntza Legea eskola publikoaren kalterako eta irakaskuntza kontzertatuaren mesederako baino ezin da izan. Ez dugu nahi egungo sistema duala legitimatuko duen akordio/legerik, eskola publikoa sistemaren erdigunea bihurtuko duena baizik, sistema inklusibo, ekitatibo eta ez-segregatzaile baterantz aurrera egiteko ezinbestekoa dena.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari, denona eta denontzat den eskola publikoaren alde egitea eta eskola-segregazioaren kontra konpromiso argia azaltzea eskatu nahi diogu.

 

 

* Euskal Eskola Publikoaz Harroko

euskal eskola publikoaren aldeko Gasteizko, Zabaleko

Bizirik (Amurrio), Oarsoaldeko eta Santurtziko plataformak