argia.eus
INPRIMATU
Hezkidetza eta Pedagogia feministen II. Kongresua egingo dute Donostian
  • Euskal Herriko 14 ekimen, elkarte eta erakunderen artean antolatu dute topagune "senti-pentsalari" hau eta ekainaren 26an eta 27an egingo dute, Donostiako Igeldo mendian. Lau atal hauek jorratuko dituzte egitarau zabalean: sexuen hezkuntza integrala, indarkeria(k) eta harreman osasuntsuak, herri hezkidetzaileak eta hezkidetza mapa-saretze txokoak. Izena emateko epea zabalik dago.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2023ko martxoaren 17a
Argazkian, kongresuan hitza hartuko duten adituetako batzuk.

Begirada hezkidetzaile eta emantzipatzaileez hausnartzeko, esperientzia feministak partekatzeko eta sarea sortzeko helburuz, Hezkidetza eta Pedagogia feministen II. Kongresua antolatu dute 14 eragile hauek: Sorginlore, Ikertze, Emagin, Arremanitz, Imaginá, Alboan, Donostiako Udala (Lankidetza, Gazteria, Hezkuntza eta Berditasuna), Biltzen, Hiruki Larroxa, TBK Hezkuntza-Artaziak, Hezkuntza GV-Iruneko Berritzegunea, EHU-HEFA, Gandere EHU Ikerketa taldea eta Eskura.

Plazera aldarrikatu dute antolatzaileek: "Hezkidetza modu gozagarrian, bizigarrian lantzearen plazera, elkartasunetik elkartu eta lotzen gaituena, derrigortasunetik nahiz eredu formal edo instituzionaletatik aldenduta. Bizitza eta bizikidetza dinamiko, sortzaile eta osoak izatearen plazera, heteronormatibotasuna eraisten dugun artean. Gure ulermena eta gure praktikaren ahalmen eraldatzailea sendotzearen plazera, geure egin dugun begirada intersekzionalak eta tokiko-globala den ikusgetiak zabaltzen dizkigun aukerei esker".

Hemen irakur daiteke mahai-inguru, tailer, esperientzien azalpen eta formato bereziz osatutako egitarau osoa. Eta hemen dago izena emateko aukera, ekainaren 19 arte.