argia.eus
INPRIMATU
Heziketa perfektuaren sindromea: nekeak jotako gurasoak eta presioak itotako haurrak
  • Heziketa perfektua jasoko duen seme-alaba perfektua izateko nahiak eta espektatiba eta lorpenetan oinarritutako kulturak estresa, antsietatea eta jarrera arazoak sortzen dituzte, eta zabalduta dagoen fenomenoa da gainera. Hala dio ikerketa berri batek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko maiatzaren 15
Plan perfektuaren arrastoan errendimendua eta denborarik ez galtzea obsesio bilakatzen den etxeetan, haurtzaroa ezabatzeko arriskua dago. Argazkia: Freepik

Urteotan ugaritu den joera omen da: seme-alabak proiektu pertsonala bailiran, gurasoek nahi diote heziketa perfektua eman, liburu pedagogiko onenak alboan, irakasle eta eskolaz kanpoko ekintza eta entrenatzaile puntakoenak lagun, denborarik galdu gabe haurrak emaitza onenak ahalik eta azkarren eman ditzan, lorpenaren kulturak bizi gaituelako.

Plan perfektuaren arrastoan errendimendua eta denborarik ez galtzea obsesio bilakatzen den etxeetan, ordea, haurtzaroa ezabatzeko arriskua dago, umeak behar duelako esploratu, deskubritu, esperimentatu, ulertu, norbere erritmoan garatu… jomuga lorpenetan jarri ordez. Eta gainera, eraikitzen joandako mila dorre eta gazteluko ametsa sarri eraitsi egiten da nerabezaroaren bueltan, gurasoen zoriontasuna bere lorpenen menpe zegoela sentitu duen gaztea, presioak itota, jarrera apurtzaileak izaten hasten denean, eta bat-batean futbola eta dantza klaseak uzten dituenean.

Kuriosoa da, bestalde, arlo ugaritan beren haurraren bikaintasuna bilatzen duten gurasoek seme-alabak gehiegi babesteko joera izan dezaketela, autonomia garatzeko oinarrizko diren beste zenbait eremutan.

Gurasoen zoriontasuna bere lorpenen menpe zegoela sentitu duen gaztea, presioak itota, jarrera apurtzaileak izaten hasten da nerabezaroan

Gurasotasuna bizitzeko moduak

La Vanguardiak jaso ditu gogoeta horiek, AEBetako Ohioko unibertsitateak argitaratu duen ikerketa bat abiapuntu hartuta. Ikerketak dio heziketa perfektuaren ideiak akituta dituela guraso asko, eta neke hori lotuta dagoela barne eta kanpo espektatibekin, gurasotasuna bizitzeko moduekin, exijentziekin eta epaituta sentitzearekin. “Ama edo aita perfektua izan nahiak estresa, antsietatea, etsipena eta erruduntasun sentimendua eragiten ditu, eta seme-alaba perfektua izan nahiak ito egiten ditu”, diote adituek artikuluan.

"Nola bilatu oreka espektatibekin? Benetan zein abilezia eta hobetzeko zein gabezia dituzten ikusten jakin behar dugu, eta onartzen, diren modukoak onartzea delako guregandik behar dutena"

Azken finean, transmititzen dieguna barneratuko dute gure seme-alabek, Esther Martinezek ARGIAn kontatu zuenez: “Guk nola ikusten ditugun, izugarrizko eragina du haiengan. Haurrekin hitz egiten dugunean ikusten dugu espektatibak oso altuak direnean, adibidez, beren burua presionatzen dutela espektatibara iristeko, eta etiketekin dago lotuta: seme-alabari etiketa jartzen badiot oso azkarra eta listoa dela, eta berak ez badu bere burua hala ikusten, autoestimuan eragina izango du. Berdin espektatiba ez bada positiboa: alferra dela errepikatzen badiot, jokaera alferra izango du, beretzat garrantzitsuena delako nik bera ikustea. Nola bilatu oreka espektatibekin? Diren modukoak onartuz, benetan zein abilezia eta hobetzeko zein gabezia dituzten ikusten jakin behar dugu, eta onartzen, diren modukoak onartzea delako guregandik behar dutena”.