argia.eus
INPRIMATU
Heteropatriarkatu kapitalistari, neska* gazteok planto
  • Kapitalismo heteropatriarkarrak emakumeon* gorputzak gudu zelai bilakatuak ditu aspaldian, emakumeok* gure bizitzen eta gorputzen gaineko erabakien jabe izatea ukatuz: edertasun hegemonikoaren preso gara, zaintza-lan ikusezinak (eta doakoak) egitera behartuta gaude, indarkeria matxistaren biktimak… eta abar luze bat, hamaika baitira emakume izendatuak garenok jasaten ditugun zapalkuntzak, den-denak dominazio beraren aurpegi ezberdinak dira, sistema honen biziraupenerako beharrezkoak direnak.

Ernai Antolakundea @ernaigazte 2019ko martxoaren 05

Hori guztia gutxi balitz, zapalkuntza horietan sakontzera dator sistema kapitalista. Bizitzak erdigunean jartzetik urrun dago, kapitalaren interesen mesedetan langileok prekarietate eta miseria muturrekoenera lotzen baikaitu, geroz eta bortitzago.

Baina, bada hazten ari den indar feminista bat honen aurrean. Gure amek eta amonek urteetan egindako lanaren ondorioz, belaunaldi berriok feminismotik ari gara edaten, eta ez gaude prest gure aurretik borrokatutakoaren ondorioz lortutakoari uko egiteko, bai baitakigu gure bizitzek zer nolako balioa duten. Gure bizitzak erdigunean egotea nahi eta behar dugu. Neska* gazteok gure gorputzen jabe izan nahi dugu, gure oraina eta etorkizunaren jabe. Eta horretarako, kapitalismo heteropatriarkarretik salbu dauden gorputz eta lurraldeak behar ditugu, aske izan nahi badugu.

Borroka feministak haren aldarrikapen eta alternatibak lekukotuko diren lurraldeen beharra du, eta gu horiek guztiak Euskal Herrian eraikitzera goaz. Ofentsiba faxistaren aurrean gaude, oldarraldi neoliberalaren aurka borrokan gabiltza, Espainiar eta Frantziar Estatu antidemokratikoen gainetik, Euskal Herria eraikitzen ari gara. Bizitzak erdigunean jarriko dituen herria gaudanik eraikitzen ari gara. Hemen badelako indar bat, badelako herri bat: badago eta bagara.

Gora neska* gazteon borroka!

Gora borroka feminista!