argia.eus
INPRIMATU
“hEskuara Amikuzen”, hizkuntzaren galera eta bizi nahiaz dokumentala zabaldu dute
  • Donapaleuko Zabalik elkarteak "hEskuara Amikuzen" dokumentalean bildu du Nafarroa Behereko eskualde honetan hizkuntzak bi belaunalditan nozitu duen hondamendia eta azken urteotan berriro indar berritzeko herritarrak egiten ari diren ahalegina.

ARGIA @argia 2017ko abenduaren 11
Frantsesaren erasoaren aurrean euskarari eutsi dioten herritarren lekukotasunak bildu ditu Zabalik elkartearen dokumentalak.

Zabalik elkarteak Interneten libre jarri du urriaren 21ean aurkeztutako «hEskuara Amikuzen» dokumentala, egileek honela laburbildu dutena: "Bertan lekukotasun desberdinen bidez, hainbat Amikuztarrek hizkuntzarekin duten harremana azaltzen dute sekulan egin ez duten bezala. Gaurko giroari behatzen bada, egun batzuz euskararik ia ez balitz bezala trebeska [zeharkatu] zenezake eskualdea. Haatik bestelako doinurik ere entzuten da azkenaldian, hizkuntzarekin harremana egunerokotzen ari den jendalde bat ari baita mihia zalutzen. Funtsean erabateko galera baten eta berreskurapen zantzuen kronika da dokumentala, protagonisten eskutik zuzenean".

"hEskuara Amikuzen" abiatzen da lekukotasun historiko berezi batetik, Adolfe Berdeko amizkutarrak 1913an grabatuta lagatako hitzetatik: "Aitortzen dizit ez dela lapurtarra bezin gozua, eztare xuberotarra bezain arina, aphezek beren pheedikietan uzten dutela bazterrerat. Bena guk amikuztarrek maite diizi (gure hizkuntza) dena den, alainan guria duzu, gure ainzinekuek utzia, eta Jinkuak hala nahi badu, gure ondokoer den bezala utziko duguna". Horren ondotik, bideoan bildu dituzte frantsesaren erasoen gainetik euskara atxiki dute zaharren lekukotasunak eta hizkuntza biziberritzen bezala euskaraz bizitzen saiatzen diren gazteagoenak: Maia Lacroix medikua, Mathieu Massondo rugbilaria, Chantal Etxegarai irakaslea... Amikuzeko euskalkiaren ikerlan sakona egin duen Iñaki Camino beraz gain. Gainerakoan, ARGIAren irakurleak bideoan aurkituko ditu 2016ko azaroko Larrun aldizkarian jorratutakoen oihartzunak: "Amikuzek bizi nahi du. Euskararen galera Nafarroa Beherean" zeraman izenburu Iñaki Camino hizkuntzalariak plazaratutako ikerlanaren aitzakian landutako Larrun hark.