argia.eus
INPRIMATU
Bi presa kendu dituztenetik, izokina Bidasoatik Baztanera heltzen hasi da
  • Hobekuntza horiekin izokinak eta beste espezie migratzaile batzuek erruteko eremu optimoak lortzea eta bizirik irauteko aukerak handitzea espero da. Europako funtsekin finantzatutako jarduera da, Life Kanturibai proiektuaren baitakoa.

Julene Flamarique 2024ko azaroaren 28a
Arraoizko Errota kentzeko obrak Jesús Diges

Izokinak Artesiagako ubide osoa egin dezake jada, Baztan-Bidasoa arroan Arraiozko Errotako presa txikia kendu ondoren. Arraioz azpiegitura ez zen erabiltzen, eta hesi gaindiezina zen espezie migratzaileentzat. Ekintza hau Europako funtsekin finantzatutako Life Kantauribai proiektuaren barruan kokatzen da. Proiektu horren helburua da ibaietako ekosistemak berreskuratzea oztopoak kenduz eta arrainentzako pasabideak hobetuz.

Presa txikia irin-errota baterako erabili izan da historikoki, eta, gero minizentral hidroelektriko gisa. Horrek arrainen migrazioa zailtzen zuen, 2,8 metroko altuera eta oztopatutako arrain-eskala zuelako. Horiek eraitsita, ur freskoagoak eta oxigenatuagoak izango dituzte izokinek, haientzat ezinbestekoak klima aldaketaren testuinguruan bizirik irauteko.

Iruritako zerrategiko presa txikian ere jardun dute, erdiko elementuak kenduz eta egitura historikoaren zati bat gordez. Ekintza horiek nabarmen hobetzen dituzte izokinarentzako baldintzak; izan ere, izokinaren populazioa murriztu egin da azken urteetan, eta, horren ondorioz, 2023an eta 2024an debekatuta dago Nafarroan arrantzatzea.