argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Hesi istorio
Pauline Guelle @pokaxalo 2024ko uztailaren 08a
Patxi Beltzaiz

Nork aurreikusten ahal zuen 2024an Peio Dufau –Marie Heguy-Urain duelarik ordezko–  EH Baiko hautagaia, diputatu izanen zela? Eskuin muturraren kontrako kanpainak eta estrategiak funtzionatu du. Ipar Euskal Herriak ez du faxistarik bidaliko Frantziako Asanblea Nazionalera. Noiz arte ezarriko dira plantan eskuin muturrari buru egiteko estrategiak? Aliantza hauskorrak eraikitzen hasi ziren Ipar Euskal Herrian ere “jakobino” deklaratuak baztertuz Fronte Herritar Berriaren baitan. Bosgarren barrutian Colette Capdeviellen hautagaitzari abertzaleen sostengua erantsi dio Alain Iriartek hainbat helburu amankomun adostuz euskararen ofizialtasunaz edo garapen instituzionalaz.

Hala ere, ezin dugu ukatu azken hamarkadetan Europara iritsi den uhain faxista Euskal Herrira hedatu dela. Ez du balio zenbakiekin gehiegi aritzea: politika instituzionalaren bidez, lehen aldikoz, eskuin muturra gailendu zen Europako hauteskundeetan eta Frantziako Asanblea Nazionaleko hauteskundeetan haren presentzia baieztatu du nahiz eta eserlekurik ez bildu Iparraldean. Denetara bozen %31 eskuratu du eskuin muturrak Ipar Euskal Herrian; bosgarren bozka eremuan (Angelutik Burguera) emaitza kezkagarriak egiten dituelarik. Seinale hori itzalpean atxiki da, hein batean, Mugerre, Urketa eta Lehuntzeko herrietan legebiltzarreko lehen itzuliko tendentzia aldatu baitu kanpainak. Ipar Euskal Herrian ez bada lehen atera zerk eragin izan du uholde hori? Herri guzietan faxisten aldeko bozkak gora egin du, bi itzulien artean ere bai. Argi eta garbi jendarte kolonizatu bat garela adierazten du. Ideien eta funtzionamenduaren aldetik gure herriaren errealitate gordin bat erakusten digute bozkek. Orokortu gabe –bozkatzaileen %27,76a abstenitu da–, baina kezkatzeko gisakoa.

Herri guzietan faxisten aldeko bozkak gora egin du, bi itzulien artean ere bai. Argi eta garbi jendarte kolonizatu bat garela adierazten du

Pixkanaka elkartasunaren ideiari herrak hartu dio gaina politika instituzionalaz ari garelarik. Hori, hedabideen konplizitatearekin: etxe guzietan den telebistak informazio bortitzak botatzen ditu jarraian. Seigarren barrutiko sorpresak agerian utzi ditu bi Ipar Euskal Herri bi itzulien arteko eztabaidan. Mugaren gaia aipatzean eskuin muturrak kontrolaren eta migrazioen etetearen alde egiten zuelarik, Dufauk oroitarazi zuen goiz batez herriko auzapezak deitu zuela treinbidean lau pertsona kolpatuak izan zirela errateko. Muga pasatzeko leku segururik ezean, lauetatik hiru hil ziren. Diskurtso antagonikoen dantzan gaur ezkerrak instituzioetan egotea lortu du. Baina bihar?

Gure jendartea berrairikitzeko tresnak ugaritu beharko ditugu sozialki, kulturalki, ekonomikoki eta politikoki. Euskaldun gisa, ttipitik eragiteak badu zentzu, eskuin muturrari eta jakobinoei lekurik utzi gabe, gure espazioak sendotuz eta biderkatuz. Hori frantses politika instituzionalak ez ditzan gure egunerokotasuna eta eskubideak baldintzatu.