argia.eus
INPRIMATU
Teknologia burujabetzaren bidean zehaztapenak eskatu ditu Hezkuntzan Librezalek
  • EAEko Hezkuntza Lege berria egiteko abiapuntu gisa hartuko den Euskal Hezkuntzaren eraldaketarako oinarriak dokumentuko zenbait puntu positiboki baloratu ditu Hezkuntzan Librezale taldeak. Horien artean dira "digitalizazio plan berriak" eta "epe luzerako begirada" aipatzea, besteak beste. Dena den, hainbat zehaztapen ere egin ditu datuen burujabetza edota digitalizazioaren gainean.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 21a
Hezkuntzan Librezale taldeko kide IƱigo Gebara, iazko abenduan Eusko Legebiltzarrean.

Aipatu dokumentua abiapuntutzat hartuta ekingo dio Eusko Legebiltzarrak EAEko Hezkuntza Lege berria egiteari. Hainbat hezkuntza eragilek egindako ekarpenak hartu dituzte kontuan, Hezkuntzan Librezale taldearenak tartean. Dokumentua eskuetan, haren gaineko balorazioa egin du taldeak, digitalizazioari eta teknologiari dagozkion atalen inguruan.

Taldeak positibotzat jo du testuak aipatzea "digitalizazio plan berriak" eta "epe luzerako begirada". Beren hitzetan orain arte "bakoitzak bere aldetik hartu izan ditu digitalizazioaren eremuko erabakiak, koordinaziorik eta ageriko epe luzerako planik gabe". 'Plan berriak' aipamenarekin ulertu dute orain artekoarekin jarraitu baino, norabide jakin batekin egingo direla digitalizazioari dagozkion hautu, hitzarmen eta bestelako jardunak.

Besteren artean "ingurune birtual integralak sortzea" aurreikusten du Hezkuntza Lege berrirako txostenak. "Geure behar eta helburuetara egokituko diren plataformak eraiki eta iraunaraztea, alegia –Hezkuntzan Librezale-k dioenez–. Aipamen horretan guk aldarrikatzen dugun burujabetza adierazpena antzeman dugu, beste interes batzuk ere izan ditzaketen irabazi-asmodun hornitzaile erraldoienganako menpekotasunak saihesteko asmo bat".

Zehaztapenak

Taldeak, bestalde, zehaztapenak egin ditu txostenaren dozena erdi puntutan. Esaterako, beharrezko ikusten du zehaztea nola erdietsiko den datuen burujabetza teknologikoa: "[Testuan] aipatzen den 'digitalizazio etiko, arduratsu, eraginkor eta euskalduna bermatzeko' izango bada, uste dugu burujabetza hori definitu beharra dagoela ikasleen eskubideak bermatuz eta bitarteko teknologiko auditagarri eta gardenak erabiliz".

Horrez gain, oso kezkagarritzat jo dute "teknologia digitalen erabilera areagotzearen' aipamena", teknologia digitalen "berariazko onura bat ematen duelako aditzera": "Beharrezko jotzen dugu lotura hau ekiditea, ez baitugu digitalizazio gehiago behar hezkuntzan: digitalizazio hobea behar dugu".

Bestetik, teknologia "egokiak" zer diren, bere horretan, "interpretazioari eta irakurketa anitzei oso zabaldua geratzen den formulazioa" da, Hezkuntzan Librezaleren hitzetan: "Uste dugu 'digitalizazio etiko, arduratsu, eraginkor eta euskaldun' hori ahalbidetuko dutenak direla, hain zuzen, teknologia 'egokiak', eta beharrezko jotzen dugu idatziz zehaztapen hori jasotzea".