‘Azkena gure alde’ izeneko azken bira egingo dute taldeko Gari, Josu Zabala eta Txanpik. Irailaren 29an emango dute xehetasun gehiago.
1981ean sortu zen Hertzainak taldea eta sei disko ondoren desegin, 1993an. Euskal Herriko kanta ezagunen artean daudenetako asko eman zituen taldeak bere ibilbidean zehar. Hasierako taldekideak Josu Zabala Ajuriagerra, Kurro, Delfo, Txanpi, Kike eta Xabier Montoia ziren, baina honek 1982ko udan taldea utzi eta Gari sartu zen abeslari gisa.
Lehenengo diskoetan punkaren probokazioa ska eta reggae erritmo dantzagarriekin nahasten zuten, letretan Euskal Herriko gatazka politiko eta soziala islatuz. Esate baterako, Pakean utzi arte kanta, Javier San Martin Goikoetxea Piti Komando Autonomo Antikapitalistetako kide zenduari eskaini zioten, taldeko kideen laguna baitzen.
1993an esan zuen taldeak agur, Donostiako Anoeta kiroldegian eginiko emanaldi berezi batekin. Taldeko kideek bide desberdinak hartu zituzten, baina musika egiten jarraitu zuten, eta noiz edo noiz ere elkartu ziren, modu informalean, kontzertuak emateko. 2019an Gari eta Josu Zabala berriz igo ziren agertokietara, Hertzainak taldearen 38. urteurrena ospatzeko Inun baino alaiagoa izanen da izeneko kontzertua emateko.
Aste honetan iragarri dutenez taldea berriz ere igoko da agertokietara, azken bira bat emateko. Azkena gure alde izena eman diote birari, eta Gari, Josu Zabala eta Txanpi elkartuko dira taula gainean. Irailaren 29an emango dute xehetasun gehiago.