argia.eus
INPRIMATU
Herriz herriko aurkezpen bira egiten ari da Kimua ekimena
  • Euskal Herrian "paradigma iraultzaile berria" zabaldu eta garatu nahi duen Kimua ekimen herritarra zenbait herritan aurkezpen bira osatzen ari da. Hala Bedi irratian Kimuako kide batekin hitz egin dute proiektuaren inguruan gehiago jakiteko.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 03a

Iruñea, Baiona, Bilbo... hainbat herritan aurkezpen hitzaldiak antolatu ditu Kimua ekimenak. Haien oinarri eta proposamen politikoak Paradigma iraultzaile berri baterantz liburuan bildu ostean ekin diote proiektua aurkezteari. Kimuako kide Aimar Uribesalgo Urzelai Hala Bedi irratiko Hizpidea saioan izan da ekimenaz eta aurkezpen-biraz informazio gehiago emateko.  

Lerro ideologiko berria bezala aurkezten dute bere burua eta ez nazio mailako antolakunde gisa, "oraindik ez daudelako hedatuta Euskal Herri osoan eta proiektua osatu gabea delako, guk oinarri batzuk jarri ditugu abiatzeko; indarrak batu behar ditugu, epe luzeko ibilbidea izango da, baina gaurdanik praktikari emanda".

Uribesalgok azpimarratu dituen Kimuak dakartzan elementu berrien artean ondorengoak daude: emakumeek* marko autonomoa daukate, erabakigune mistoaren maila berean, "gizonok badugulako ardura historikoa gai honetan eta ondorioz despatriarkalizazio prozesua martxan jarri eta gizonok ere gure maskulinitate hegemonikoa deseraikitzeko eta osasuntsuagoa den beste bat eraikitzeko asmoz"; beste elementu bat da etika ulertzeko modua, "burgesia eta estatuak hor daude, noski, baina gure arteko botere harremanak eta dominazioaren adierazpenak ere badira, liberal burgesak, patriarkalak, kolonial- arrazistak... desoreka kolektiboak eragiten dituzten aspektu horiek landu eta eraldatu nahi ditugu, pertsonalitatearen lanketa deitzen diogu. Bide horretan norbanakoak bere papera dauka, baina kolektiboaren barruan egin behar da".

Beste txiringito bat gehiago?

Uribesalgok dioenez, "adierazpen ideologiko eta organizatiboak sortzen ari dira, asko sozialismoaren barruan. Guk halere hutsunea ikusi dugu, guretzat garrantzitsuak diren elementu batzuk ez ditugulako horietan jasota ikusi, lehen aipatutakoak eta beste batzuk". Dauden antolakundeen barruan eragin beharrean, interesgarriagoa egin zaie "kanpotik" eragitea, askeago aritzeko aukera dutelako.