argia.eus
INPRIMATU
Herritarren “prestazio pertsonal” derrigortua aurreikusten du Espainiako Segurtasun Nazionalerako Lege berriak
  • "Krisi" egoerei aurre egiteko Segurtasun Nazionalerako Legearen erreforma prestatzen ari da Espainiako Gobernua. Presidenteak “Segurtasun Nazionalerako intereseko egoera” deklaratuz gero, gobernuaren eskumenak nabarmen areagotuko lituzke lege berrituak. Aurreproiektu fasean dago erreforma.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2021eko uztailaren 05a

El País egunkariak argitaratu ditu legearen erreformarako aurreproiektuaren ardatz nagusiak. Besteak beste, adinez nagusi diren herritar guztiak “prestazio pertsonalak” egitera derrigortzeko eskubidea luke gobernuak, eta beren ondasunak aldi baterako errekisatzekoa. Errekisatzetik kalte ekonomikoak ondorioztatuz gero indemnizazioa jasotzeko eskubidea lukete herritarrek, baina ez “prestazio pertsonala”-ren ordainez. Betebehar horiek enpresei eta entitate juridikoei ere eragingo liekete. Aurreproiektuak ez du zehazten zer motatakoak liratekeen aipatu eginbeharrak, soilik “gradualak eta proportzionatuak” liratekeela, eta “behar-beharrezkoa den denboran” mantenduko liratekeela indarrean, Espainiako hedabidearen arabera. Artikuluak ez du aipatzen zer zigor aurreikusten diren aginduak betetzen ez dituztenen aurka.

Komunikabideen kolaborazio derrigortua

“Aurreproiektuak barne hartzen du komunikabideek eskumena duten agintariekin lankidetzan aritzeko betebeharra, informazio prebentibo edo operatiboak zabaltzeko orduan”, dio El País-eko artikuluak. Krisi egoerei erantzuteko errekurtso estrategikoen edo oinarrizkoen autohornikuntzaren alde egiten du, COVID-19aren hastapenetan maskarekin edo arnasgailuekin gertatutakoa gogoan.

Krisi berrietarako erreminta autoritarioa

COVID-19aren krisian alarma egoera baliatu du Espainiako Gobernuak, eta ez Segurtasun Nazionalerako Legea. Erreforma gauzatuz gero, ordea, “tankera honetako egoerei” aurre egiteko erreminta eraginkorragoa litzateke lege berritua El País-en arabera, besteak beste azken urte eta erdian “ikasitakoa” jasotzen duelako aurreproiektuak. Segurtasun Nazionalerako Legea indarrean jartzeko eskumena Espainiako presidentearena da, beste inoren beharrik gabe. “Segurtasun Nazionalerako intereseko egoera” deklaratu beharko luke presidenteak horretarako. Behin legea indarrean, Segurtasun Kontseilu Nazionalak ezarriko lituzke irizpideak. Aurreproiektua Espainiako Konstituzioaren 30. artikuluan oinarritzen da (“Espainiar guztiek dute Espainia defendatzeko eskubidea eta beharra”), derrigorrezko soldaduska arautzen zuen berberan.

Ministroen Kontseiluak ekainean aztertu zuen aurreproiektua eta bere behin-betiko onarpena behar da ondoren Espainiako Kongresura helarazteko, baina “erkidegoei eta zenbait talde parlamentariri” edukia jakinarazi diete jada, hedabidearen arabera.