Hiriko barrutietako antolakuntza eta funtzionamendu araudia berrikusi, eztabaidatu eta azkenik onartu dute, martxoaren 30ean, Udaleko Osoko Bilkuran. Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak gogor kritikatu du Udal Gobernuaren jarrera, prozesuan zehar emandako "ideia asko ez direlako jaso". Hori dela eta, alegazioak aurkezteko deia egin die federazioak bilbotarrei.
Araudi zaharrarekin 25 urte pasa eta gero, Hiriko barrutietako antolakuntza eta funtzionamendu araudi berria "txarragoa" dela diote Auzo Elkarteen Federazioko ordezkariek. "Atzerapausoa" dela. Atzo komunikabideen aurrean eskainitako agerraldian kexa agertu zuten Udalaren jokabidearekin, batik bat, araudi berrituan ez duelako auzotarren ekarpenik bildu. "Araudiaren berrikuste prozesuan zuzendutako eztabaidak eginez justifikatu da Udala, baina ez dute jaso emandako eta eztabaidatutako ideia askotariko batere".
Barrutietako Kontseiluetan herritarren parte-hartzea bultzatzea funtsezko jotzen dute elkarteetako kideek. Horretarako, Bilboko Udalari "beharrezko" aldaketak helarazi dizkiote federaziotik.
Bost dira proposamenak: Barrutietako Kontseiluetan auzotarren presentzia handitzea, "talde politikoen ordezkaritzarekin parekotasunean", murrizketarik ez egitea, erabakiak hartzeko konpetentziala erreala eta baliabide teknikoak izatea, bozka eskubidea izatea, eta azkenik, barrutietako lurraldetasuna berrantolatzea, "egungo osaketa desorekatuta dagoelako".
Informazio publikoaren fasean dago onartu berria den hiriko barrutietako antolakuntza eta funtzionamendu araudiaren testua. Testua "zuzentzeko, alegazioak aurkeztera" animatu dituzte auzo elkarteek Bilboko hiritarrak eta gizarte eragileak. Horretarako, Queremos participar, baina horrela ez goiburua duen dokumentua igortzeko eskatu diete, maiatzaren 26a baino lehen.
Martxoaren 30eko Udaleko Osoko Bilkuran onartu zen barrutietako araudiari hainbat zuzenketa egin dizkiote Bilboko auzo elkarteetako lagunek. Besteak beste, zuzenketa horien bitartez eskatzen dute udal administrazioaren desentralizazioa mantentzea, "orain desagertu dena"; 15 gai baino gehiago bere gain hartzen zituen araudiaren konpetentziei eustea, "kolpe batez kanporatuak"; auzotarren eta talde politikoen ordezkarien arteko parekotasuna bermatzea, "ez delako politikoei beraien eginkizuna kentzea"; ordezkari politikoen dietetarako eskubidea desagertzea, "beharrezkoak ez direlako, ezta justifikagarriak"; eta tokian tokiko arazoak tratatzeko "auzoetan komisioak sortzea eta auzo bakoitzeko ordezkaritzak komisioetan parte hartu ahal izatea".
Albiste hau Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra