Bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialak antolatuta, bi lan-saio egingo dira datozen egunetan: hilaren 20an herritarren parte-hartzea izango dute eztabaidagai Iruñeko Baluarten, eta 21ean preso eta iheslarien itzultzeaz arituko dira Bilboko Euskalduna Jauregian.
Iruñean herritarren parte hartzeaz
Honakoak izango dira Hiri Buruzagian bilduko diren adituak: Alberto Spektorowski “Israel-Palestine Civil Society Comittee for Cease Fire” taldeko kidea, Kristian Herbolzheimer "Conciliation Resources"-eko kidea, Theodore Murphy "Berghof Foundation"-eko bitartekaria Ekialde Hurbilean, Mirentxu Purroy kazetaria, Floren Aoiz Iratzar Fundazioko zuzendaria, Mikel Armendariz abokatua eta Francisco Javier Eneriz Nafarroako Arartekoa.
"Herritarren inplikazioa erraztuko duten eta bizikidetza eraikitzeko lanean gizartearen protagonismoa indartuko duten hainbat esperientzia eta tresna ezagutzea da lan-saio honen helburua", Foro Sozialaren hitzetan. "Aldi berean, eta modu zehatzago batean, bake prozesuan Nafarroako herritarren parte-hartzearen gaiari helduko zaio".
Bilbon preso eta iheslarien itzuleraz
Bizkaiko hiriburuko hitzorduari dagokionez, honakoak elkartuko ditu: Brian Currin Egiaren eta Berradiskidetzearen Batzordearen eraketan parte hartu zuen abokatua, Iñaki Lasagabaster Zuzenbidean lizentziatua Deustuko Unibertsitatean, José Antonio Martín Pallín Espainiako Auzitegi Goreneko Zigor Salako magistratu emeritua, Seanna Walsh IRAko kide ohia, Juan Mari Olano Amnistiaren Aldeko Mugimenduko bozeramaile ohia, Rafa Sainz de Rozas abokatua, Daniel Holder Justizia Administrazioari buruzko Batzordeko presidenteordea, Jon Mirena Landa Zuzenbide Penaleko Irakasle Titularra EHUn eta Francisco Javier Mira Valentziako Unibertsitateko Zuzenbide Penaleko Irakasle Titularra.
"Foroaren lan-saio hau 2013ko maiatzean aurkeztutako gomendioen ataletako baten edukietan sakontzera bideratuko da: preso eta iheslarien itzultzea. Hain zuzen ere, duela urtebete proposatutako ideiak zehazteko eztabaida zabalduko da, modu horretan konponbide berriak definitzeko".
Lan-saioetara joatekotan ezinbestekoa da izena ematea Internetez edo 902 42 10 10 telefonora deituz.