Frantziako Estatuak herritarren mugimenduak ezagutzeko mugikorretako datuak eskuragarri emateko eskatu die telekomunikazio enpresei. Horren helburua koronabirusaren hedapena kontrolpean izatea izango da, mediku materiala beharrizan handiena duten lekuetara eramateko. Europako Batzordea izango da datu horiei emango zaien erabileraren erantzulea.
Thierry Breton Frantziako barne-merkatuaren ardura duen komisario europarrak herritarren geolokalizazioko datuak emateko eskatu die hainbat telekomunikazio enpresari. Datu horiek anonimo bilakatuko ditu Gobernuak, eta medikuntzako materiala non behar den jakiteko erabiliko dituztela jakinarazi du.
Jasotako informazioak ahalbidetuko die kutsatutako pertsona horiek non kutsatu ziren jakitea, baita norekin egon diren harremanetan ere, birusa nori kutsatu ahal izan dioten jakiteko. Datuen erabileraren erantzule Europa denez, datu horiek legez kanpoko eran erabiliz gero Brusela izango da prozesatua.
Legea aldatu behar
Orangeko buruzagi Stéphane Richardek adierazi du datu horiek konfinamenduaren arrakasta neurtzeko ere erabili daitezkeela. Orain ezarrita dagoen legearekin jasotako informazioa urtebeteko epean ezabatu behar dela azaldu du, eta bi urtean gorde nahiko lituzketela.
Gobernuak ikertzaileen batzorde bat eratu du, praktika horien zilegitasuna aztertzeko. Olivier Veran, Osasun eta Elkartasun ministroa horren aurka agertu da.
Israel aitzindari
Frantzia ez da herritarren datu mugikorrak kontrolatuko dituen lehen estatua. AEBek Facebook eta Google bezalako enpresak batu dituzte aukera hau mahai gainean jartzeko. Eta Israelek jada onartu du herritarrak espiatzea, ez soilik mugikorren bidez, baita "terrorismoaren aurka" erabilitako beste mota batzuetako gailuekin ere. Eusko Jaurlaritzak berak ere, koronabirusari aurre egiteko aleratuko duen aplikazio berrian herritarren mugimenduak kontrolatu ahalko dituela jakinarazi du.