argia.eus
INPRIMATU
Herritarren haserrea eta kezka piztu ditu Pasaiako portuko suteak
  • Lau ordu behar izan zituzten sua itzaltzeko. Gauean ere suhiltzaileak txatarra hozten jarraitu zuten.

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko abuztuaren 03a
Lezoko herritarrak egindako elkarretaratzea (Argazkia: @oarsoeraldatuz)

Eguerdiko hamabiak aldera antzeman zituzten lehen garrak. Ingalaterratik etorritako Christine itsasontzitik 2.000 tona txatarra ateratzen ari zirenean. Itsasontziaren zama handi bat txikitutako kotxeak ziren eta pneumatiko eta erraz su hartzen duten materialak zeuden. Horregatik, ke beltza zen nagusi tamaina handiko sutean. Gaueko bederatzietan su itzalita zegoen baina suhiltzaileak sutearen gunena geratu ziren txatarra hozteko, berriro su hartu ez zedin.

Jende asko hurbildu zen sua ikustera baina inguruko herrietako bizilagunak haserre agertu ziren. Arratsaldean elkarretaratzea egin zuten Lezoko plazan Portuak itotzen gaitu. Hau ez da ongizatea. Lezon ez dago bizi kalitaterik lelopean. Aspaldiko aldarrikapena da portua herritarrei itzultzea “kudeaketa egokia bermatzeko aukera bakarra delako”. Sare sozialen bitartez ere Oarsoaldeako hainbat bizilagunek argi utzi nahi izan dute ostegunean gertatutakoa ez dela kasualitatea eta aldaketa nahi dutela Pasaiako portuan.