“Batasuna borrokan, herritar batasunaren garaia da” lelopean ekitaldi politikoa egin zuen Eusko Lurra Fundazioak iragan igandean, uztailak 3, Albertia mendian.
ANV-EAEk egin ohi du ekitaldia urtero azken 40 urteetan eta Espainiako Auzitegi Nazionalak alderdia legez kanpo jarri zuenetik fundazio horrek hartu du ekitaldiaren ardura. 1936ko azaro eta abenduan ANVko 300 milizianok galdu zuten bizia baso horietan, Francoren armadaren aurkako borrokan.
Aurten Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimendua eta Askatasunaren Bidean erakundeko ordezkariak ere izan zituzten hizlarien artean, Eusko Lurra Fundazioak bidalitako oharrean zehazten denez.
Amnistiaren mugimenduko ordezkariak hartu zuen hitz lehenik eta azpimarratu zuen “1936tik gaur egun arte, Euskal Herrian ez dela izan ezta urte bat ere preso edo errefuxiatu politikorik gabe”.
Eusko Lurraren izenean Gotzone Rekondok jardun zuen ondoren: “Albertia Egunean beti lotu dira iraganeko eta egungo borrokak, Euskal Herria ezkerreko independentistatik nora eraman nahi dugun jakiteko derrigorrez gure aurrenekoek egindako ekarpen eta borrokei begira jarri beharra dugulako".
Rekondok euskal milizianoek Asturiaseko frontera joan ziren garaia ere gogoratu zuen: “Euskal Brigadaren ekarpena eta bertan EAE-ANVko gudariena ez zen txikia izan. Ezker Abertzaleak inoiz egindako ekintza internazionalistarik handiena izan zen hura. Errepublikaren alde eta Iberiar herrien sostenguan faxisten aurka. Benetako Internazionalismoa”.
“Zoritxarrez, ekarpen hura nahiko ezezaguna da, ez bakarrik Euskal Herrian, ezker abertzalearen barruan ere bai. Horren guztiaren omenez, hor ikusiko duzue iaz jarritako oroitarria, non Areces eta Albertiako borrokaldiak lotu nahi izan baikenituen gudari guztiak gogora ekarriz”.
Herritarren Batasuna aldarrikatu zuen Gomezek
Ondoren Gazteluako hariztira jaitsi eta ekitaldi politikoari ekin zioten. Bertan, Askatasunaren Bidean taldeko Fernando Lizeaga preso ohiak eta Eusko Ekintzako Antxon Gomezek parte hartu zuten: Herritar Batasunaren beharra azpimarratu zuten biek.
Gomezen esanetan, “ezker abertzaleak nozitzen duen egungo krisia ez dugu konponduko etengabeko errefundazioen bidez edo marketing koloristen ekitaldietan. Hezur-haragizko erakundetzea behar dugu ezker abertzalean. Militante jatorrez osatua, ez arimarik gabeko marketing ekitaldien figuranteez. Lurra eta herriari lotuta”.
“Baina ez da garaia besteei gertatutakoaren errua leporatzeko –jarraitu zuen Gomezek–, baizik eta etorkizuneko ezker abertzalea berreskuratzeko eta sortzekoa. Guretzat bidea argi dago. Herritar Batasuna, ezker abertzalearen potentzialitate guztia gure eskuetan izateko, herri mugimendu indartsuarena eta, etsai eta aurkari politikoarekiko benetako konfrontazioarena”.