argia.eus
INPRIMATU
Herritarren babesa jaso dute Loiolako Herri Harresian parte hartzeagatik epaitutako lagunek
  • Eleak mugimenduak eta Libre dinamikak deituta, ostegunean Donostian epaitzen hasi diren bi lagunei babesa adierazi diete hainbat herritarrek auzitegiaren atarian.

ARGIA @argia Axier Lopez @axierL 2017ko urtarrilaren 26a
Eleak mugimenduak eta Libre dinamikak deituta egin dute elkarretaratzea Donostiako auzitegi parean (argazkia: Axier Lopez).

2014ko irailean Loiolako Herri Harresian atxilotu zituzten bi lagunak eta haien aurkako epaiketa hasi da urtarrilaren 26an Donostiako Lurralde Auzitegian.

Segiko kideak izatea egotzita 1/12 sumarioan auzipetuta zeuden Jazint Ramirezi, Irati Tobarri, Igarki Roblesi, Xabier Arinari eta Imanol Salinasi babesa erakusteko herri harresia eraiki zuten Loiolan. Poliziak bertan bildutakoak “bortizki” atera zituen, bost gazteez gain beste bi herritar atxilotuz.

"Herri harresia husten ari zirela ertzain bat lurrera erori eta ospitalera eraman behar izan zuten, eta momentu horretan Ertzaintzak gu biok atxilotzea erabaki zuen, autoritatearen aurkako atentatua leporatuta, ertzainekin kontaktu fisikorik ere izan ez genuen arren”, azaldu du atxilotuetako batek. Ertzain-etxean, baina, atentatu kargua kendu eta desobedientzia leporatu zieten bi atxilotuei, "halakorik gertatu ez zela ohartzean".

Fiskalak zortzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du bi auzipetuentzat, desobedientzia eta erresistentzia leporatuta. Akusazio partikularrak, ordea, autoritatearen aurkako atentatua eta desobedientzia leporatzen dizkie, eta hiru urtera arteko espetxe zigorra zein 21.292 euroko kalte ordainak ordaintzea eskatzen ditu.

Loiolan babestu zituzten gazteen adierazpenak

Loiolako Herri Harresian babestu zituzten gazteetako bik ARGIArekin hitz egin dute: ostegun honetan hasi den epaiketari buruzko beren iritzia azaldu dute Jazint Ramirez eta Imanol Salinasek. Biak absolbitu zituzten, eta gaur haien kasuaren harira berriz bi pertsona epaituta ikustea mingarria egin zaie: "Guk laguntza behar genuenean bi lagun hauek etorri ziren Loiolara eta desobeditzen lagundu gintuzten. Gu absolbitu gintuzten eta orain min handia egiten digu beraiek izateak isuna eta espetxe zigorraren mehatxua dutenak. Libre utzi behar dituzte."