Adur Ezenarro Ordiziako alkateak adierazi duenez, mila herritar inguru zeuden uztailaren 8an etxean isolamenduan PCR probaren emaitzak jasotzeko zain, eta hurrengo egunetan kopuru horrek gora egingo du, aste osoan zehar jarraituko baitute PCR probak egiten. Nola emango dute herritar horiek botoa? 9:00etan bildu da Hauteskunde Batzordea Ordiziako egoera aztertzeko, eta erabaki dute kutsatuek ezingo dutela bozkatu eta prebentzioz berrogeialdian daudenek bozkatu ahalko dutela bozka etxetik badaramate prestatuta.
Ordiziak 9.970 biztanle dituela ageri da, Osakidetzak COVID-az kutsatutakoen kopuruekin argitaratutako txostenean eta alkateak adierazi du herritarren %10 bakartuta dagoela, etxetik ezin aterata, PCR emaitzak jakiteko zain edo positibo eman dutenen kontaktu zuzenak direlako. Haien boto eskubidearekin zer gertatuko den galdetu du alkateak, eta erantzuna Hauteskunde Batzordea bildu ostean jakin da: kutsatuek ezingo dute bozkarik eman, eta prebentzioz berrogeialdian daudenek bozkatu ahalko dute baldin eta bozka etxetik badaramate prestatuta.
Adur Ezenarroren adierazpenak bildu ditu uztailaren 8an, Goierriko Hitza-k bideo honetan (beherako ikusgai). Bertan adierazi duenez, hauteskundeak burutzeko segurtasun neurriak antolatzen ari dira hasieratik, baina jarraibide horiek Ordiziako fokua gertatu baino lehen Jaurlaritzak emandakoak dira, eta horregatik, Ezenarrok zera adierazi du: "Segurtasun neurri horiek egoera horretarako ezarri baldin baziren, zaila egiten zaigu ulertzea neurri horiek baliogarriak izatea orain gauden egoera honetan. Horregatik, segurtasun aldetik uste dut gaur gaurkoz ez ditugula bermeak mantentzen. Bestalde, eskubide demokratikoak ez dakigu nola gauzatuko zaizkigun". Ostegunean Hauteskunde Batzordeak egindako bilkuraren ostean, Ordiziako herriak hauteskundeekiko zituen galdera eta kezkei erantzunak heldu zaizkie.
Besteak kutsatzeko beldurra, eta etxera kutsatuta itzultzekoa. Biak bizi dituzte igande honetan Ordizian hautes mahaietan egotea egokitu zaien herritarrek. Jon Ordoñez Garmendia kazetariak Berria-n bildu ditu hauen bizipenak. Mahaian egon behar dutenek ez dute jaso PCR proba egiteko deirik, eta ehunka herritarren aurrean egongo direla jakinik, lasaiago geratzeko horren beharra sumatu dute: "Ni ez naiz ibili Etxezarreta kalean, eta inguruan ere ez dut hor egon den inor. Baina zalantza daukat ez ote nukeen egin beharko jakinda zenbat jende izango dudan aurrean igandean" adierazi du Izaro Beitiak Berrian.
Esperotzekoa da mahaian egotea suertatu zaienen artean hainbatek ezingo duela funtzio hori bete egun horretan, kutsatuta edo emaitzen zain itxialdian egongo direlako. Ezenarro alkateak iragarri du arazoak izango dituztela osatzeko: (Mahaia osatu behar zutenen artean) "Badago jendea isolatuta dagoena, badago jendea positibo eman duena eta badago jendea adierazi diguna egoera honetan izugarrizko beldurra duela eta segur aski ez dela agertuko".
Alkateak Goierriko Hitza-ri bideoan eginiko adierazpenetan azaldu duenez, "hezkuntza zentroek ere kezka adierazi digute, bozkaleku izango direlako eta zentro horietan astelehen goizean jarduerak egingo direlako". B plana antolatzen ari direla iragarri du alkateak, kanpoaldean kokatuko dituztela hautes mahaiak, "baina oso zaila egiten ari zaigu bermatu ahal izatea hauteskundeak segurtasun baldintzekin egingo dituztela".