argia.eus
INPRIMATU
Herritarrek 2008ko krisian baino hobeto erantzungo dutela uste du Naomi Kleinek
  • Naomi Klein kazetari kanadarra ezaguna da egiten dituen ikerketa lan sakonengatik, horien artean ezagunenetakoa da 2007an idatzi zuen Shock doktrina liburua. Hartan azaltzen zuen nola kapitalismoak baliatzen dituen krisiak pribatuaren kultura are eta gehiago barreiatzeko, txiroagoak txiroago eginez eta aberatsak aberatsago. Koronabirusaren krisia ikuspegi horretatik nola aztertzen duen galdetu diote Vice hedabidean. Rebelión atarian gaztelaniaz irakur daiteke elkarrizketa.

Xabier Letona Biteri @xletona 2020ko martxoaren 21
New York-eko kaleak egunotan.

Klein hasten da azaltzen zer den “hondamendiaren kapitalismoa” bere aburuz: “Funtsean, deskribatzen du nola sortzen diren industria pribatuak krisi handietatik etekina ateratzeko”. Ez dela berria dio, baina bai irailaren 11ren ondoren Bush Administrazioak biziki sakondu zuela estrategia honetan, bereziki krisi mota hau “segurtasun krisi amaitezintzat jo zuenean”, eta Irak eta Afganistango inbasioa pribatizatu zituenean.

Shock doktrina kontzeptua nondik datorren azaltzen du kazetariaren galderei erantzunez: “AEBtako New Deal programari Milton Friedmanek emandako erantzuna izan zen. Ekonomialari neoliberal honek pentsatzen zuen New Dealean dena gaizki atera zela” eta egoera hori birbideratu egin behar zela. “Elite politiko eta ekonomikoek halako krisi uneak baliatzen dituzte herritarrek nahi ez dituzten politika horiek aurrera ateratzeko, eta horien bidez, herrialde honetan eta mundu guztian aberastasuna are gehiago polarizatzen da”.

Shock doktrina-ren eskeman koronabirusaren krisia nola dakusan horrela azaltzen du Kleinek: “Birusa bera da shocka eta erabili den moduan, nahasmendua barreiatzen da eta babesa gutxietsi. Ez du uste “honen atzean inolako konspiraziorik dagoenik”, baina bai AEBek eta Trumpek krisi hau oso gaizki kudeatu dutela, osasun publikoko arazo gisa baino pertzepzio arazo moduan erabiliz eta baita ere “bere berrautaketarako arazo gisa”.

Kleinek egoera txarra aurreikusten du AEBetan, han ez dagoelako osasunerako programa nazionalik eta “langileek duten babesa oso txarra” delako. Krisi hau aurretik krisian diren sektore industrialak erreskatatzeko baliatuko dela ere iragartzen du: airelineak, gasa eta petrolioaren industriak, eta gurutzaontziak, besteak beste.

Oraingo krisiari erantzuteko dagoen gaitasunari buruz esperantzaz begiratzen dio egoerari, 2008an ez bezala “orain krisiari beste era batean erantzuteko egiazko alternatiba politikoak ditugulako” eta hau sostengatzen duen mugimendu politikoa “askoz zabalagoa delako”. Etxe Zurirako bidean, Alderdi Demokrataren hautagai izateko gero eta aukera gutxiago dituen Bernie Sanders sostengatu du Kleinek.

Munduko eliteek krisi hau berriz beren interesak babesteko baliatuko dutela eta, Kleinek erantzun indibidualista saihestera deitzen ditu herritarrak. Bere esanetan, irabazleen ekonomiak honakoa txertatzen du gure burmuinetan: “Ni eta nitarrak zainduko ditut nik, guk lor dezakegu osasun segururik onena eta zuk ezin baduzu, seguruenik zure arazoa da, ez da nire errua”. Bere ustez, “horrelako krisi batek erakusten digu egiazki gure sistema ekonomiko basati honek sinestarazten diguna baino elkar lotuago gaudela gure artean: elkar zaintzen ez badugu, gutako inor ez da seguru egongo, harrapatuak egongo gara”. Eta elkartasunerako ordua dela azpimarratzen du: “Izan kontuan honakoa, zer pilatu pentsatzen egon beharrean, edo bakarrik zu eta zure familian pentsatzen, pentsatu baita ere zer parteka dezakezun zure auzokideekin eta nola lagundu ditzaketzun zaurgarrien direnak”.