argia.eus
INPRIMATU
Herritarrei PCR probak egiten hasiko dira
  • Herrietako osasun etxeetan PCR probak egiten hastea da Espainiako Gobernuaren asmoa eta anbulategi horien bidez "gertuko harremanen identifikazioa eta jarraipena" egitea. Horretarako autonomia erkidegoei eskatu die Lehen Mailako Arreta indartzea eta tokian tokiko herritarren osasun datu hauek Espainiako Gobernura transmititzea.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 05

Herritarrei anbulategietan PCR probak egitea adostu du Espainiako Gobernuak lurralde erkidegoetako osasun ordezkariekin. Helburua "osasun etxeek bigilantzia eta gertuko harremanen identifikazioa egitea" da. Horretarako, autonomia erkidegoek "Lehen Mailako Arreta" indartu beharko dute. "Lehen Mailako Arreta" hori da herritarrek osasun publikorako duten lehen sarbidea, kalean jendeak herriko osasun etxearekin eta familia medikuarekin lotzen duen hori bera. Informazio sistemak ere hobetu behar direla dio, "datuen transmisio egokia izan dezagun".

Koronabirus infekzio kasuak ahalik lasterren detektatzeko gaitasuna handitu nahi du Espainiako Gobernuak plan berriarekin, hartara gaixotasunaren transmisioa oztopatzeko. Normaltasun Berrirako Trantsizio Planaren barruan dagoen estrategia honek bilatzen duena da diagnostiko goiztiarrak ugaritzea, baieztatutako edo susmagarriak diren kasuak aislatzea eta hauen ingurukoak ere bigilatu eta diagnostikatzea. Gobernuaren hitzetan, plan hori da "ardatz nagusia, trantsizio faseari ahalik berme handienekin ekiteko".

Espainiako Gobernuko eta lurralde erkidegoetako osasun ordezkariek bilera egin dute eta maiatzaren 4 iluntzean eman du prentsaurrekoan erabaki honen berri Espainiako Osasun Ministro Salvador Illak (hemen dago horren berri ofiziala, gazteleraz).