Bilboko Udaleko Herritarren Segurtasun Sailak egutegi aldaketa gauzatu nahi du Bilboko Udaltzaingoaren lan antolaketan, baina udaltzainak ez daude asmo horrekin ados. Gatazka sortu da bi aldeen artean, eta "japoniar erara" greba egitea erabaki du Udaltzaingoak: trafiko araudiak eta udal-ordenantzak dioena zorrotz betearaziko dute, herritarrak isunez itotzeko eta horiek beren haserrea udalari eta Herritarren Segurtasun Sailari helarazteko.
Gatazka sortu da Bilboko Udaleko Herritarren Segurtasun Sailaren eta Bilboko Udaltzaingoaren artean. Izan ere, maiatzean Udaleko Giza Baliabideek eta Herritarren Segurtasun Sailak negoziazio mahaira deitu zuten Udaltzaingoaren Langileen Batzordea –ELA, LAB, SVPE eta CCOO sindikatuetako ordezkariek osatua–, egutegi aldaketa arrazoitzen zuen txostena aurkezteko. Bilera haren ostean Langileen Batzordeak Naiz-i adierazi zionez, egutegi aldaketaren helburua agente gehiago gauetara, asteburuetara eta jaiegunetara bideratzea litzateke, aste bitartean lan egingo lukeen langile kopurua murriztuz. Egutegi berria aplikatuz gero, bost asteko zikloka lan egingo lukete udaltzainek, zazpi asteko zikloka ordez.
Proposamenaren aurrean desadostasuna agertu zuen Udaltzaingoak. Are, Langileen Batzordeak aipatu hedabideari jakinarazi zionez, egutegia aldatzeko proposamena izan da bi aldeen artean gatazka abiarazi duena. "Azken aldian udalak Udaltzaingoa hondatzen ari den hainbat neurri hartu dituela adierazi dute, 'eta, horrekin batera, herritarrei ematen zaien zerbitzua'", jaso zuen Naiz-ek. Egutegia aldatzeko proposamena, beraz, aurretiaz hartutako neurriek eragindako haserrea eztandarazi duen faktorea litzateke Udaltzaingoaren arabera.
Hala bada, greba egitea erabaki du Bilboko Udaltzaingoak. Alabaina, ez dute ohiko greba eredua baliatuko protesta egiteko, baizik eta "japoniar erakoa". Lanuzteen ordez, lanean jarraituko dute, zorroztasun handiagoz; presioa egiteko beren estrategia izango da trafiko araudia eta udal-ordenantza zorrotz betearaztea, herritarrei isun gehiago jarriz. Horrela herritarrak haserrarazi eta haiek beren ondoeza Bilboko Udalari eta Herritarren Segurtasun Sailari helarazi diezaioten. Alegia, isunen bidez, haien helburua da herritarrak izatea protesta egiten dutenak, protesta beraiek egin beharrean.
ELA sindikatuak jakinarazi duenez, protestak abiatzearen arrazoia negoziaketa-mahaien porrotari dagokio. Izan ere, Langile Batzordeak uko egin dio bost asteko zikloko egutegiari. Halere, negoziaketetarako atea irekita utzi dute: "Langileen Batzordea prest dago negoziatzen jarraitzeko, Herritarren Segurtasun Sailak egungo jarrera zurruna laxatzea esperoaz, betiere langileen eskubideei kalterik egin gabe".