argia.eus
INPRIMATU
Herritarrak “txertatuta, sendatuta ala hilda” egongo dira neguan, Alemaniako Osasun ministroaren hitzetan
  • Alemaniar gehienak hilabete gutxi barru "txertatuta, sendatuta edo hilda" egongo direla adierazi du Alemaniako Osasun ministro Jens Spahn-ek astelehenean, COVID-19aren "Delta aldaera kutsakorraz" ohartaraztearekin batera.

Axier Lopez @axierL 2021eko azaroaren 22a
Argazkia: AFP

"Ziurrenik neguaren amaieran, batzuetan zinikoki esaten den bezala, Alemanian jende guztia egongo da txertatuta, sendatuta ala hilda", esan du Spahn ministroak, eta "horregatik gomendatzen dugu txertoa hartzea ahalik eta lasterren".

Oraindik txertoaren dosirik jaso ez duten herritarrei hala egiteko eskatu die ministroak. Alemaniak herritarrek %68k du txertaketa-jarraibide osoa beteta, tasa txikienetakoa Europar Batasunan. Angela Merkel kantzilerrak adierazi du egungo neurriak ez direla nahikoa kutsatzeei aurre egiteko, "osasun-egoera orain arte ikusi duguna baino okerragoa" izango delako.  Ospitale askotan egoera "oso-oso zaila" dela gaineratu du Spahn-ek.

Ospitaleratze-tasa altua duten eskualdeetan, txertatu gabekoei debekatuko diete zenbait espazio publikoetan sartzea, hala nola zinema, garraio publiko, gimnasio edo taberna barruetan. Langileei eskatu diete etxetik lan egiteko ahal duten guztietan, eta bitartean lantokira sartzen direnek frogatu behar dute txertoa jarri dutela, gaixotasuna gainditu dutela edo duela gutxi PCR proban negatibo izan direla.