Datorren igandetik aurrera bertan behera geratuko da Nafarroatik ateratzeko debeku perimetrala, asteazken honetan Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. Egun horretan, maiatzaren 9an, bukatuko da Espainiako Gobernuak indarrean duen alarma egoera. Aginduak maiatzaren 20ra arteko balioa du.
Hartutako erabakietan beste bi neurri esanguratsuren berri ere eman dute Javier Remirez lehendakariordeak eta Santos Indurain Osasun sailburuak: tabernetako terrazek 22:00ak arte irekita egon ahal izango dira eta bi familia unitateko sei pertsonara arte elkartu ahal izango dira etxeetan.
Bi gobernukideen esanetan Nafarroako egoera epidemiologikoak baimentzen du horrelako neurririk, azken 14 egunerako eragin metatua 306 kasuetakoa eta positibotasun tasa 5,4koa. 180 pertsona daude ospitaleetan eta horietako 31 ZIUn. Dagoeneko 267.159 txerto eman dira, eta horietatik 82.109k hartu beharreko txerto guztia jaso dute, hau da, txertagarria den biztanlegoaren %15ak.
EAE itxita oraingoz
Errioxako eta Aragoiko erkidegoek ere haien lurraldeetatik ateratzeko debeku perimetralak bertan behera geratuko direla iragarri dute. Ez ordea EAEn. Urkullu lehendakariak jakinarazi duenez, EAEko egoera ez da neurriak malgutzeko modukoa eta herri eta lurraldeetako itxiera perimetralari eutsi nahiko lioke. Iragarri duenez, Eusko Jaurlaritza dekretu bat prestatzen ari da horretarako, estatu mailako alarma egoera bertan behera geratzen denean berau indarrean sartzeko, eta horrela eutsi ahal izateko debeku perimetralei eta etxeratze aginduari.
EAEko Justizia Auzitegiko fiskalak, dena den, jadanik iragarri du, behin alarma egoera bertan behera utzita, bere ustez Jaurlaritzak ez lukeela eskumenik ez debeku perimetralik ez etxeratze agindurik ezartzeko. Auzitegi Nagusiak ostiralerako eman beharko du ebazpena. Egoera bereziak gerta daitezke estatu mailako judikaturak neurri orokorragoak hartu arte. EAEko Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak etxeratze aginduaren aurkako helegitea jarriko du, baina Nafarroako Gobernuak iragarri du eutsi egingo diola orain indarrean den etxeratze aginduari.
Eta Ipar Euskal Herrira?
Airean geratzen da Nafarroatik Ipar Euskal Herrira pasa daitekeen. Maria Chvite lehendakariak adierazi duenez, Espainiako Gobernuaren eskumena da hori eta hark erabaki beharko du. Gaur egun mugatik 30 kilometrora bizi diren pertsonak bakarrik zeharka dezakete muga baimen berezirik gabe. Gainerakoek PCR froga egin behar dute eta hura negatiboa bada bakarrik iragan daitezke, beti ere negatiboaren agiria eramanda; honek hiru eguneko iraungitze epea du.