Urte hasiera honetan ere Bilboko kaleak bete ditu Sare Herritarrak larunbatean Bilbon antolatutako manifestazioa. Presoei ezartzen zaizkien salbuespeneko lege eta tratamenduekin amaitzea eskatu dute amaierako ekitaldian, eta memoria “kolektibo” bat eraikitzea “indarkeriarik ez izatea baino askoz gehiago den” bakearen alde.
Joaldunek eta pertsonaia mitologikoek ireki dute ibilbidea Autonomia kalean. Atzean Behin betiko. Bakea. Konponbidea. Elkarbizitza lelodun pankarta eta hura sustengatzen aurpegi ezagunak, besteak beste Martxelo Otamendi kazetaria, Garazi Hach Embarek ekintzailea, Patxi Bisquert aktorea, Jose Luis Elkoro politikari ohia, Ane Muguruza estatu indarkeriaren biktima, Amaia Izko abokatua, edo Bego Atxa eta Joseba Azkarraga Sareko kideak. Presoen senideak ere manifestazioaren buruan izan dira, eta txalo artean egin dute bidea. Atzetik milaka eta milaka herritar. Urtero kontaketa propioa egiten duen Naiz-en arabera, 67.000 izan ziren manifestariak, iaz bildutakoen pare.
Manifestazioan izan dira, halaber, hainbat alderdi, sindikatu eta mugimendu herritarretako ordezkaritzak. Euskal alderdien artean, EH Bildu, EH Bai, Sortu, eta EA. Sindikatuetatik, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE, CGT, CNT eta Etxalde. Nazioartetik, Junts, Omnium Cultural, ERC, CUP, BNG eta Mes Per Mallorca. Euskal eragileen artean, Bake Bidea, Bilgune Feminista, Egiari Zor, Ernai, Gure Esku eta Harrera.
Salbuespenarekin amaitu
Manifestazioa udaletxean amaitu da, eta bertan hartu dute hitza Azkarragak eta Atxak. Atxak “ospatu” egin du 2024 urtean “presoek jasan behar izan duten zentzugabekeria juridiko nagusietako bat” amaitu dela, Espainiako Estatuan dauden presoei Frantzian betetako espetxe urteak kontutan ez hartzea, baina oraindik ere salbuespen neurriekin amaitu beharra dagoela salatu du, bi salbuespen mota:.
“Batetik, duela 20 urte baino gehiago, euskal gizarteak egun bizi duenaz guztiz bestelako garaietan onartu ziren legeek eragiten dituzten salbuespen neurriak”. Eremu horretan erronka nagusia 7/2003 Legea indargabetzea da 40 urteko espetxealdia ezarri zuena. “Bestetik, espetxeetako gestioan egunero aplikatzen direnak. Esan beharra dago ezen, gradu progresioei, espetxe baimenei eta zigorrak betetzeko beste eredu batzuei dagokienez, motibazio politikoko presoei aplikatzen zaien tratamendua diskriminatzailea dela beste preso batzuek jasotzen dutenarekin alderatuta”.
Presoentzako ez duela tratu bereziturik eskatzen azpimarratu du Sarek: “Ez dugu inolako pribilegiorik eskatzen, espetxe politika arruntaren aplikazioa baizik, salbuespenik gabe, diskriminaziorik gabe, abagune politikoaren menpe egon gabe. Gainerako presoei ezartzen zaizkien tratu eta irizpide berberak eskatzen ditugu”.
Memoria eta autokritika
“Indarkeriarik ez izatea baino askoz gehiago den bakearen garaia da”, adierazi du Atxak, eta elkarbizitza “denon artean” eraikitzeko “eskubidea” aldarrikatu. Horretarako autokritika eta memoria ariketa “kolektiboa” aldarrikatu du, eremu horretan etxeko lanak presoei bakarrik jartzen dizkietenen jarrera kritikatu du, eta estatuari eskatu dio berak ere urratsak eman ditzala.
Hori lortzea “iraganeko belaunaldiei zor diegu. Baina, batez ere, etorkizuneko belaunaldiei utzi behar diegu guk geure aurrekoengandik jaso genuena baino hobea izango den gizarte bat”, adierazi du Sarek.
“Ekarriko ditugu etxera”
Ekitaldian Lluis Llach abeslari eta ekintzailek Mikel Laboaren Txoriak txori abestu du Gorka Knorr-en laguntzarekin gitarran, eta amaiera Ines Osinagak eman dio Dena aldatzen da lanarekin.
Oztopoak oztopo, baikor azaldu da Atxa: “Denon artean ekarriko ditugu etxera, erbesteratuekin eta deportatuekin batera. Aurrera goaz. Etapak betetzen goaz. Dudarik gabe nahi genukeen baino motelago, baina ongi goaz”.