Hainbat alderdi eta eragile sozialek hartu dute parte Iruñean eginiko agerraldian. Lau helburu nagusi identifikatu dituzte Herritar Batasuna eraikitzeko: independentzia, sozialismoa, berreuskalduntzea eta birbatasuna. Feminismoaren eta ekologismoaren ideiak ere funtsezkotzat hartu dituzte.
1978an Herri Batasunak zuen izaera “abertzale eta sozialista iraultzailea” berreskuratu nahi dute, agerraldian adierazi dutenez. Euskal Herriaren askapenaren aldeko borrokan langileei lehentasuna emango dietela azaldu dute: “Nazioaren askatasuna independentzia den bezalaxe, langileen askatasuna sozialismoa da”. Horrekin batera, “euskal borrokari guztien” etxeratzea eskatu dute, Nafarroaren deskonkista erdiesteko bidean.
Eraketa lanetan dagoen prozesua da, baina helburuak lortzeko tresnak azaldu dituzte. Mobilizazioa, desobedientzia, intsumisioa eta erresistentzia aktiboa izango dira tresna horiek, Ezker Abertzalearen aldarrikapen historikoak bere eginez. “Frantzia eta Espainia estatu inbaditzaileen aurkako konfrontazioa etengabekoa izango da”, gehitu dute.
Aurrera begira, udaberrian, eztabaidak abiatuko dituzte herriz herri.
Krisi estrategikoaren aurrean
Herritar Batasunaren abiapuntua Barakaldon dago. Iazko azaroaren 26an, hilabetetako eztabaiden ondoren, hainbat alderdi eta eragilek sorrera agiria sinatu zuten. Parte hartzaileen aniztasuna azpimarratu zuten orduan, “joera libertario, komunista, ekologista, komunalista eta bestelako ezkerreko sentsibilitateetatik, proiektu global honetara hurbildutako herritarrak” direla azalduz.
Euskal Herria askatzeko mugimenduak bizi duen “krisi estrategiko larriari” aurre egiteko sortu da Herritar Batasuna. Sortuk, LABek eta Ernaik bultzatu duten “norabide erreformista eta desmobilizatzailea eta praktika elektoralista-instituzionalista” salatu eta askatasunaren alde lan egin nahi dute.