argia.eus
INPRIMATU
Pertsona bat hil da Laudioko anbulategian, medikurik ez zela
  • Laudioko EAGan gizon bat bihotzekoak jota hil da, medikurik ez eta erizainek artatu ostean. Besteak beste, OPA Herri Plataformak eta ELA eta ESK sindikatuek aldarrikatu dute herritarrek “arreta duina” jaso behar dutela.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 15

Laudion gizon bat hil da ostiralean Osakidetzako osasun zentroan, bihotzekoak jota. Une horretan ez zegoen medikurik bertan, eta erizainek ezin izan zuten ezer egin. Osasun publikoaren aldeko plataformek adierazi dute “lotsagarriaria” dela Osakidetzaren EAGetako egoera.

Egoeraren aurrean, ESK sindikatuak adierazi du horrelako gertaerek “agerian” uzten dutela Osakidetzak herritarren bizitzak “arriskuan” jartzen dituela, eta ez duela “borondaterik” osasun zerbitzuak hobetzeko: "Ezinbestekoa da EAJk aurrera eramaten dituen politikak errotik aldatzea, murrizketak, pribatizazioak eta prekarietatea baino ez baitituzte ekarri Osakidetzara”.

ELA sindikatuak egoera salatu du: "Sailburuak behin eta berriz argudiatzen du mediku eskasia dagoela bere jokabidea justifikatzeko, baina sistematikoki ukatzen du egoera horren atzean dagoen errealitatea: plantillak jasaten dituen lan baldintza eskasak".

Osasun publikoaren aldeko OPA Herri Plataformak Osakidetza kritikatu du, eta azpimarratu du beharrezkoa dela “kontrol publiko iraunkorreko sistema bat” ezartzea lehen mailako arretako eta EAGetan. Halaber, osasun sailburu Gotzone Sagarduiren kudeaketa kritikatu du, plataformak “urteak” daramatzalako “arreta duina” aldarrikatzen EAGetan: “Argi dago Sagarduiren eredu-aldaketaren ondorioz hil dela pertsona hori erizainen eskuetan”.

Inflexio-puntua

Gertakariak aldaketarako balio behar duela adierazi dute plataformako kideek: “Egoera horrek inflexio-puntua izan behar du, lehen mailako arretako zentroen kudeaketa erabat gardena izan dadin, informatua, herritarren parte-hartzea ahalbidetuko duten tresnekin, eta, gainera, arreta hurbila, duina eta %100 publikoa bermatuko duena”.

Osakidetzak adierazi duenez, erizainek eta anbulantzia zerbitzuek ondo artatu zuten gizona, eta erreanimazioa egiten saiatu ziren arren, ezin izan zuten ezer egin. Azpimarratu du pazientea EAGra iritsi eta bi minutura deitu zutela ospitalera, eta handik lau minutura iritsi zela anbulantzia bat.