Uztarria herri hedabideak zabaldu duenez, Azpeitiko udalak bere 15.000 herritarretako bakoitzari maskara berrerabilgarri bana emango dio, konfinamenduaren arintze faseetan horiek derrigorrezkoak edo gomendagarriak direne uneetan erabili ahal izan ditzan. Behin bakarrik erabili ostean botatzekoak izan ohi dira administrazioek herritarrei eskaintzen dizkieten maskara gehienak baina Azpeitiko udalak berrerabilgarrien aldeko apostua egin du.
Covid-19a lehenik izurri eta ondoren pandemia bilakatu zenetik, hondakin sanitarioen pila izugarri hasi da mundu osoan zehar, horien kudeaketa bihurtzeraino administrazioentzako buruhaustea eta hondakinen kudeaketa hobe bat nahi dutenen amesgaiztoa. Osasun zerbitzuetako langileek erabili behar dituzten babes-janzki bereziez gain –eta alde batera utzita agintarien prebisio falta gatik askok beharrak eramanda darabiltzaten plastikozko poltsak brikolatutako hala-moduzko jantziak– herritarrei garraio publikoan bezala erosketetan eta, jende zaurgarrienaren artean kaleko irteeretan ere, usatu ditzaten banatutako maskara gehienak ere hala dira, behin erabilita botatzekoak. Hondakinen errausketa sustatzen dutenentzako Txinatik SARS-CoV-2 izeneko birusak ekarritako oparia.
Azpeitiko udalak, ordea, Azpeitiko Udalak 15.000 maskara berrerabilgarri erosi ditu, herritarren artean banatzeko. Herritar bakoitzari bana emango dio. Uztarria-ren esanetan, datorren asteazkenean –maiatzak 13– hasiko dira banaketa egiten: lehenengo 65 urtetik gorako azpeitiarrei emango dizkiete eta gero gainerako guztiei. Horretarako, hamabost postu jarriko omen dituzte herrian, eta herritar bakoitzak dagokionean eta dagokion lekura joan beharko du maskara jasotzera. Astelehenetik aurrera jakinaraziko dute bakoitzak noiz eta nora joan beharko duen.