argia.eus
INPRIMATU
Herritar bakoitzari bonutan 100 euro ematea proposatu du EH Bilduk, merkataritza txikian kontsumitzeko
  • EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du EAEko legebiltzarrean tokiko merkataritza txikia sustatzeko. "Bonu-denda" deiturikoen bidez, herritar bakoitzak 100 euro izango lituzke saltoki horietan kontsumitzeko.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 09a
Tokiko merkataritza eta ekoizleak galanki sufritzen ari dira koronabirusaren ondorioak eta administrazioaren neurri zorrotzak (arg: Urumeako Kronika)

Eusko Legebiltzarreko diputazio iraunkorrean eztabaidatu nahi du gaia koalizio abertzaleak. Proposamena egin du 18 urtetik gorako herritar bakoitzari 25 euroko lau bono-denda emateko; hauen bidez merkataritza txikian erosketak egin ahal izango lirateke. Erosketak, konfinamendu neurriak kendu eta hurrengo bi hilabeteetan egin ahal izango lirateke eta bonu bakoitza gutxienez 75 euroko erosketarekin erabiltzea litzateke baldintzetako bat –kultur produktuen kasuan 60 euroko gastua egin beharko litzateke–.

Iker Casanova EH Bilduko bozeramailearen esanetan, "tokiko merkataritza inoizko egoerarik zailenean dago koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz eta horrek inoizko erantzunik ausartena eskatzen du Jaurlaritzaren aldetik".

Denera zazpi milioi erosketa baino gehiago lirateke, Casanovak emandako datuen arabera, eta bonuak saltokietan ezezik ostatuetan ere erabiltzeko lirateke, baina beti baldintza berarekin:  "Konfinamenduan itxita dauden mikro-enpresetan soilik erabili ahalko lirateke, hau da, 10 langile baino gutxiago eta 2 milioi eurotik beherako fakturazioa dutenak".

EH Bilduren ustez ezinbestekoa da ekimen hori eta antzekoak martxan jartzea, koronabirusak denda txikiei sorturiko kalte ekonomikoei buelta emateko. Eta hasierako inbertsioa handia izanik ere, haren onurak nabarmenak lirateke. Eusko Jaurlaritzak 200 milioi euro jarri beharko lituzke, baina 600 milioi eurotik gorako kontsumoa sustatuko luke eta zeharkako zergetan ordainetan ekarritakoa 140 miloi euro lirateke.