argia.eus
INPRIMATU
Herrirak “oso garrantzitsutzat” jo du Europako Talde Popularrarekin bildu izana
  • Herrira mugimendua Europako hainbat parlamentarirekin bildu da azken egunotan Bruselan, euskal preso politikoen egoeraren berri eman eta informazioa trukatzeko asmoz, Berriak argitaratu duenez. Gaur izango dute azkeneko bilera. Astelehenean egingo dute bilera sortaren balorazioa, baina aurreratu dute “oso esperientzia positiboa” izaten ari dela.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko martxoaren 07a
Herrirako kideak Europako parlamentuko hainbat kiderekin bildu dira.

Bileretako batean, Europako Talde Popularreko Csaba Sogor europarlamentari errumaniarrarekin elkartu ziren. Herrirako kideek oso garrantzitsutzat jo zuten bilera hori, kontuan hartuta Espainiako PP alderdia Europako Talde Popularreko partaide dela.

Popularrez gain, Talde Sozialistako kideekin ere bildu dira. Besteak beste, Irlandako Alderdi Sozialistako Emer Costello parlamentariarekin eta Sinn Féin alderdiko Martina Andersonekin izan dira. Azken horrek 13 urte igaro zituen kartzelan IRAko kide izategatik, europarlamentari izatera iritsi aurretik.

Bestalde, Europako Talde Liberaleko kideekin ere izan dute hitzordua. Nils Torvalds finlandiarra, Annemie Neyts-Uyttebroeck belgikarra eta Tatjana Zdanoka Letoniarra izan dira horietariko batzuk.

Human Rights Without Frontiers (HRWF) Europako gobernuz kanpoko erakundearekin ere bildu dira. Gaur, azkenik, Europako parlamentuaz gain Flandriakoa ere bisitatuko dute.

Herria mugimenduak urte hasieran “bi inflexio-puntu” zehaztu zituen, “gure helburuak lortzera bidean aurrerapen garrantzitsua suposatuko duten momentuak” alegia. Horietako bat euskal preso politikoen egoera hobetzeko aldarrikapena Bruselara eramatea da. Bigarrena maiatzaren 18an egingo dute Euskal Herrian, modu deszentralizatuagoan.