Herrialde berri batera moldatzeak dakarren astindu identitarioaz gain, migrazio-bidaietan eta berton aurre egin behar dieten indarkeriek oztopatzen dituzte etorkinen bizipenak. Psikoterapia da ondoeza sendatzeko bide bat, baina ez bakarra.
2019. Munduko Emakumeak-Babel kulturarteko elkartearen batzarra Bilbon. Astelehenero bezala, aurkezpen errondan taldekideek euren izena, jaioterria, dakartzaten sentipen eta ezinegonak aipatu dituzte. “Ana. Medellin, Kolonbia”. Ile kizkurra, septuma eta pastazko betaurrekoak ditu neska gazteak. Barruak oso mugituta dator jaioterrira egindako bisita baten ondoren, eta proposamena bota du: migrazio-doluan elkar laguntzeko talde bat sortzea.
2024. Ana Caonak bere etxean hartu gaitu bere historia kontatzeko: soziologoa Euskal Herrira iritsi zen master bat egitera, beka batekin, bisarekin eta Kolonbiara itzultzeko asmoz, han indarkeriaren behatoki batean egiten baitzuen lan. Baina aitaren heriotza eta nebaren erasoak pairatu ondoren, Bilbon geratu zen doktoregoa abiatzeko xedez.
Arazoa izan zen familia-gatazkengatik migratu eta doluak antsietatea eragin ziola eta, ondorioz, doktore-tesia aurrera ateratzea eragotzi ziola. Geroztik, lan prekarioak kateatu ditu: ostalaritzan, kirol megadenda ezagun batean eta, gaur egun, laguntza humanitarioko gobernuz kanpoko erakunde baterako bazkideak erakartzen. Ahidura, segurtasun falta eta zaurgarritasun sentsazioa ditu: "Hemen ezer ez dudala sentitzen dut. Zer egingo dut etxerik gabe geratzen banaiz? Kolonbian beti itzul nintekeen familiaren etxera, baina jada ez daukat aukera hori”.
Caonak gustuko du migrazio-doluaz aritzea, kontzeptua bera –pertsona migratu askok ezagutzen ez dutena– tresna baliagarria iruditzen baitzaio sentipen horiek izendatzeko. Munduko Emakumeak bezalako talde-espazioek bere minak partekatzeko balio izan diote, baina baita "erlatibizatzeko ere, zilegitasuna kendu gabe", beste istorio batzuk entzuteari esker.
Elkarrizketatu guztiak bat datoz esatean migrazio-dolua azaleratzen dela pertsonak egonkortzen direnean: “Fokua biziraupenean jarrita duzun bitartean, ondoez emozionala estaltzen saiatzen zara”
"Lehen nintzen hori jada ez da existitzen"
Javiera Olfos Emuna Aüka Donostiako psikoterapia-kabineteko kidea da. Ikuspegi psikosozial, humanista eta transfeministatik egiten du lan, pertsona migratuei laguntzen espezializatuta dago, eta indarkeria politikoko egoeren zein hondamendien ondoriozko errefuxiatuak artatzeko prestakuntza egiten dabil, baita gestalt arteterapia ere. Txiletarra jatorriz, bera ere ikasle etorri zen eta bere herrialdera itzuli ondoren, Gipuzkoan bizitzea erabaki zuen. “Ez nintzen migratzaile gisa identifikatu burokraziarekin etengabe topo egiten hasi nintzen arte”.
Olfosek honela definitzen du migrazio-dolua: "Zure nortasunaren berezko zatiei uko egiten diezu eta hartzen zaituen kulturako elementuez jabetzen zara; baina, era berean, aldatu nahi ez duzuna definitzen duzu, zure identitatea lausotu ez dadin". Saioetan, "pertsonak dituen baliabideak identifikatzen" laguntzen du, eta "autoerregulazio-tresnak" ematen dizkio. "Galerak eta kontserbatzen duena identifikatzen ditugu. Dolua bere bizitzan integratzeko zer neurri har ditzakeen doitzen dugu –adibidez, amak egiten zidan janaria prestatzea– eta gure kontrolpean ez dagoenaren aurreko mina nola adierazi ikusten dugu ", jarraitu du.
Nathalie Bejarano Castro psikoterapeutak gestalt feminista eta antiarrazazista jorratzen du, psikogorputzaren lanketan eta migrazio-doluan espezializatuta dago, eta horrek balio izan dio berea lantzeko, Ekuadorko migratu gisa: "Migrazio-prozesuak desegituratu egiten zaitu, eta, aldi berean, gehien egituratu nauena izan da. Landare bat lekuz aldatzen duzunean bezala, bidaiaren mina ulertzeak lur berri hau elikatzeko aukera eman dit".
Kontsultako lanaz gain, gai horri buruzko tailerrak dinamizatzen ditu. Banakako saioetan migrazio-dolua landu duenean pertsonak ez ziren, oro har, eskari esplizitu horrekin heldu: "Gorputzaren seinaleak edo ondoez zehatzak adierazten dituzte, zeinak arindu nahi dituzten, eta orduan azaleratzen da sorterritik urrun egoteak nola eragiten dien".
"Doluminean zaudenean, zerk ematen dizu min?", galdetuko die psikologoak. Eta bere bizipena partekatuko du: "Lehenik eta behin, neure nortasunaz dolutzen naiz; migratzen dudanean barne-doikuntza bat dago, zentzu guztietan eraldatzen nauena. Lehen nintzen pertsona hori jada ez da existitzen”.
Taldeetan, haien pertsona maiteen hutsunea nabaritzen dutela adierazten dute bereziki parte-hartzaileek, baina baita “gizartean errekonozituta sentitzea, leku batean ibiltzea eta parte direla sentitzea" ere, azaldu du. Hizkuntza aipatzen dute: ez menderatzeak eragiten duen segurtasunik eza, eta Abya Yalatik datozenen kasuan, azentua, lexikoa, jargoia eta umorea galtzea. Halaber, sorterriko paisaiak, ohiturak, bizimoduak eta espiritualtasuna bizitzeko hutsunea nabaritzen dute. "Galera piloa da bat-batean, eta etengabe eguneratzen den dolua da gainera", ondorioztatu du.
Olfosek dolua eguneratu ohi duten bi gertakari nabarmendu ditu: alde batetik, hurbileko pertsonen heriotzak jatorrizko herrialdeetan, are gehiago ez badago aukerarik horiek agurtzera bidaiatzeko, egoera irregularrean daudelako, dirurik ez dutelako, edo lanean baimena eskatzeko eskubidea dutela ez dakitelako. Bestalde, beren lurraldera bisitan joan daitezkeenek "inguruarekiko nostalgia" sentitzen dute askotan: “Ni aldatu naiz eta hor denak berdin jarraitzen du. Orain europarra naizela azpimarratzen didate. Jada ez naiz ez hemengoa ez hangoa", txiletarrak azaldu duenez.
Bejaranok estatus sozialaren galera gehitu du, "jatorrian ondutako lanbideak hemen baliorik ez duen sentsazioa". Oso ondo ezagutzen du hori Caonak: "Unibertsitateko espazio batetik kalean lan egitera pasatu naiz, jende askorentzat baliorik ez duen zerbaitetan. Lotsa handia ematen zidan jende ezagunarekin topo egiteak”. Bere beldurra bete zen: "Feminista zuri batek pringada deitu zidan literalki. Izoztuta geratu nintzen. Hain bortitza egin zitzaidan...".
Nathalie Bejarano, psikoterapeuta: “Landare bat lekuz aldatzen duzunean bezala, bidaiaren mina ulertzeak lur berri hau elikatzeko aukera eman dit”
Frustrazio horretaz gain, Olfosek ikasketen homologazio-prozesuen aurreko ziurgabetasuna gehitu du: "Ahalegin energetiko, emozional eta ekonomiko bikoitza egin behar izan nuen Txilen gainditutako irakasgaiak baliozkotzeko. Herrialdeen arteko hitzarmenen arabera, homologazioek hiru urte iraun dezakete, eta horietan beste plan batzuk asmatu behar dituzu bizirauteko, zure helburuetatik eta motibazioetatik urrun".
Soziologiako titulua homologatu bitartean, Munduko Emakumeak-Babel erakundeko kideak GKE-ko lana eta Gizarteratze ikasketak uztartzen ditu. "Gizarte honetan, lanbideak baliozkotzen zaitu. Nahastu egiten da zer egiten duzun eta nor zaren", azaldu du.
Edonola ere, beren pribilegioak aitortzen dituzte Caonak eta Olfosek: migrazio-proiektua hasteko erabaki librea hartu zuten, paperak dituzte, goi-mailako ikasketak, gaztelania hiztunak dira, azala argi dute, ez dute haurrik... Kontziente dira migrazio esperientzia orori datxekion dolua gogortu egiten dela arraza-traumak gehitzen zaizkionean.
“Beltz bat naiz”
Marra Junior militante panafrikarra eta Munduko Medikuak erakundeko langilea da. Bejaranoren tailerren erreferentzia eman zigun. Lan finkoa, afektu-sarea eta nolabaiteko errekonozimendu soziala duenetik, ez ditu hasierako indarkeria berberak bizi, "baina bai horietako asko".
Arrazakeria-esperientziei buruz hitz egiten duenean, ez da ulertua sentitzen: jende zuriak indarkeria horiek minimizatzen ditu, Senegalen dauden senideek ez diote kexatzeko eskubiderik ematen, eta Bizkaian dituen herrikideek uste dute diskriminaziorik gabe bizi dela. "Lankide mantero bati kontatzen badiot niri ere kosta egiten zaidala etxebizitza bat alokatzea, ez du sinestuko".
Juniorri gertatu zaio poliziak bulegoko atean arbitrarioki miatzea, eta bidegabea bazen ere, berak sentitzea lotsa, lankideek ikusi eta zerbait egin duela pentsatuko duten beldur, gainera. Anbulatoriora joan denean Munduko Medikuak-eko langile gisa analitika batzuk jasotzera, artatu duenak elkartera deitu du mesfidati, haren identitatea egiaztatzeko: "Beltz bat etorri da zuen partetik".
Esperientzia etengabe horiek estres kronikoa ezartzen diete gorputz arrazializatuei, Bejaranok azpimarratu duenez: "Jarrera eta diskurtso sozial arrazisten erruz, mediatikoak barne, nire autokontzeptua gutxietsiko dut, eta horrek autoestimuan aztarna sakona utziko du".
Berez hermetikoa den gizarte batek mesfidantzaz begiratuko die desberdin edo are mehatxagarritzat jotzen dituenei, generoaren eta jatorrizko eskualdearen arabera ñabardurak badira ere: "Iruditeria arrazistan, gizon arrazializatuak lotzen dira arriskugarritasunarekin, jokabide antisozialekin eta delinkuentziarekin. Emakumeak otzantzat hartzen dira, proiektu propiorik gabekoak. Fetitxizazioa ere badago, exotizazioa. Azkenik, pertsona etorkin ez binarioak ikusezinak dira", laburbildu du psikologoak.
Arrazakeria sozialari instituzionala gehitzen zaio: "Migratutako pertsonekin harremanetan dauden hainbat agentek indarkeria erreproduzitu dezakete: osasun-arloko profesionalak, segurtasun-indarrak, atzerritartasun-bulegoetako funtzionarioak... Nor bere buruari galdetzen diogu: ‘Zenbat urte igaro behar dira nik leku honetan bizitzeko eta lan egiteko zilegitasuna izan dezadan?’".
Zenbait kasutan, arraza-traumari migrazio-proiektuari dagozkionak gehitu behar zaizkio. Ez da gauza bera hegazkinez edo pateraz etortzea, maitasunak edo ikasketek eraginda, behar ekonomikoak bultzatuta, hondamendi naturalek, gerrek, diktadurek edo indarkeria matxistako egoera batek behartuta. Juniorren esanetan, abiapuntu horrek zehazten du doluak izango duen intentsitatea eta konplexutasuna: "Zailenak beren herrialdea uztera behartuta sentitu diren pertsonenak izaten dira: beldurraren pertzepzio subjektiboa dute edo badakite kontua dela irtetea edo hiltzea". Txalupan etorri zen aktibista panafrikarra orain dela hamazazpi urte, eta aitortu du oso kide gutxi direla bidaia horiei buruz hitz egiteko gai.
Marra Junior militante panafrikarrak dio jende zuriak arrazakeria-indarkeriak minimizatzen dituela, Senegalen dauden senideek ez diotela kexatzeko eskubiderik ematen, eta Bizkaian dituen herrikideek uste dutela diskriminaziorik gabe bizi dela
Olfosek gaineratu du errefuxiatuen egoera bereziki mingarria dela: asilo-estatusak galarazi egiten du jatorrizko herrialdera itzuli ahal izatea, hortaz, pertsonek ezin izango dute familia bisitatu, ez bada aldameneko herrialdeetan elkartzeko estrategiak asmatuta.
Migratzaileen estresak ez du soilik eragiten maila psikologikoan –depresioa izateko aukera handiagoa, hiperjagole egoteko antsietatea, insomnioa...–, baita fisikoan ere, nabarmendu du Bejaranok: "Hormonak etengabe askatzeak, kortisola edo adrenalina kasu, somatizazioak ekar ditzake: ondoez kronikoak, gastrikoak, larruazalekoak...".
Psikologo honek azpimarratu du halako somatizazioak areagotzen direla pertsonak bizi dituen esperientziak gorde behar dituela sentitzen duenean; hortaz, premiazkoa da bizipenak partekatzeko gune seguruak identifikatzea.
Aktibismoaren potentzial terapeutikoa
Osasun mentalaren arreta pribilegio bat da gure gizartean; terapia psikologikoa ez da baliabide eskuragarria herritar guztientzat. Alde batetik, premia horren aurretik oinarrizkoak lehenetsiko dituzte: etxebizitza, elikadura, zaintza-ardurak... Elkarrizketatu guztiak bat datoz esatean migrazio-dolua azaleratzen dela pertsonak egonkortzen direnean: "Fokua biziraupenean jarrita duzun bitartean, ondoez emozionala estaltzen saiatzen zara", azaldu du Bejaranok. Aitzitik, "espazio seguru batean zaudenean eta zure nerbio-sistema lasaitzen denean agertzen dira minak", gehitu du Olfosek.
Beste muturrean, zaurgarritasun bereziko egoeran dauden pertsonei –errefuxiatuak, kale egoeran daudenak, salerosketaren biktimak...– laguntza psikologikoa eskaintzen diete zenbait programa instituzionalek. Psikologo txiletarrak Istanbulgo Protokoloaren bidez idatzi zuen kasu bat du gogoan: "Poliziak sexualki torturatu zuen mutil bat zen, terapiara joaten ari zen asiloa eskatzearen ondorioz". Kasu latz horietan, psikologoak aisialdirako espazioak erraztearen garrantzia azpimarratu du, entretenimendu osasuntsua eta sarea indartu ahal izateko.
Banakako saioak ordaintzea gastu handia da migratutako pertsona gehienentzat. Ana Caonak darabilen estrategia da Kolonbiako psikologo batekin online egitea. Tarifa murrizteaz gain, kultura-nortasuna partekatzea lagungarria izan daiteke. Juniorrek euskal psikologo batekin terapia utzi, eta orain terapeuta afrofrantses batek artatzen du online.
Diruaz gain, beste oztopo bat da psikoterapiaren inguruko estigma: "Lagun askok oraindik terapia gaixotasun mentalarekin edo eromenarekin lotzen dute eta saihesten dute", aitortu du Bejaranok. Beste bide batzuei balioa ematen die, hala nola espazio erlijioso eta espiritualei. "Protesta sozialak terapia ordezkatzen ez badu ere, batzuetan amorruari eta antzeko emozioei irtenbidea emateko balio du", gaineratu du.
Junior bide horren aldekoa da: "Aktibismoan ulertzen duzu arazoa ez zarela zu, baizik eta horrela sentitzea eragin dizuten faktoreen multzoa". Horregatik, funtsezkoa iruditzen zaio irakurketa politiko eta estrukturala egiten den guneetan parte hartzea: "Ahalduntzeko aukera ematen digute, galdutako autoestimua berreskuratzeko aukera".
Bejaranok dinamizatzen dituen saioetan, "taldea erresonantzia-kaxa bihurtzen da, eta harrera egiten dizu", nabarmendu du. Honelako esaldiak errepikatzen dira: "Hori gertatzen zitzaion bakarra nintzela uste nuen" edo "zama bakardadean eraman dut, nire ingurua ez kezkatzeagatik". Terapeutaren gomendioa da oraina artatzea eta norberaren barne-jakituria entzutea: "Sinpleena eraginkorrena izan daiteke. Adibidez, naturara hurbiltzeak autozainketarekin eta nire alor espiritualarekin konektatzen nau. Saioetan lagun bakoitzak ongi sentitzen duena partekatzen du, eta gainerakoak aberastu egiten dira".
Edonola ere, nabarmendu du pertsona etorkinek kezka gehiago dituztela migrazioari lotutakoez gain. Hala, desirez, erotikaz edota biografiaz aritzeko garrantzia aldarrikatu du. Adibidetzat jarri du inoren kargura ez dauden mutil magrebtarren bizipena: "Haien arazo bakarra ez dira paperak. Nerabezaroa indibidualtasuna berresteko prozesua da, eta horrek talka egiten du jendartearen begirada deshumanizatzailearekin. Adin horretan bereziki gogorra da inork zu ez begiratzea, arbuiatua sentitzea".
Ez da kasualitatea erreportaje honetan elkarrizketatutako gehienak Abya Yalatik migratutako emakumeak izatea. Kultura terapeutiko handiagoari herri-hezkuntzaren eragina gehitzen zaio, irekitasun emozional horretara gonbidatzen baitu. Aitzitik, Juniorrek adierazi du aktibismo panafrikarreko espazioetan gutxitan heltzen zaiola migrazio-doluari, errebindikazio-diskurtso gogorra gailentzen delako, "oso maskulinizatua, Malcom X bezalako erreferenteek eragindakoa".
Generoari dagokionez, elkarrizketatuak bat datoz: emakumeek, oro har, jarrera handiagoa dute lan introspektiboa egiteko, emozioak entzuteko eta adierazteko. Gizonen kasuan, berriz, indartsuak izateko aginduak –familia-hornitzaileen rolari lotuta maiz– oztopatzen du prozesu edo jarrera terapeutikoetara heltzea.
Juniorrek maskulinitate hegemonikoaren eredua deseraikitzeko lana egin du, erreferente antipatriarkalak lagun, akademikoak –bell hooks, Audre Lorde, James Baldwin...– zein egunerokoak. Hala eta guztiz ere, aitortzen du gehiago kostatzen zaiola bere emozioak eremu mistoetan biluztea, dinamizatzen dituen gizon arrazializatuen taldeetan baino. Kultura-desberdintasunei dagokienez, honako hau adierazi du: "Zaurgarritasunetik hitz egiten duten gizon gutxi horiek latinoak izaten dira, eta ez dira guztiak".
Ana Caonak lengoaia bat aurkitu du "migrazio-doluaren zigilupean jarduera batera hurbilduko ez litzatekeen jendearekin konekatzeko” aukera eman diona: Abya Yalako musika erritmoak zabaltzeko eta aldarrikatzeko proiektu bat sortu du. Bere saioetan erritmo tropikal "historiko eta sustraidunak" jartzen ditu, espazio zuri zein latinoetan nagusitzen diren saltsa eta bachata komertzialetik haratago doazenak. "Gustuko dudan musika dantzatzeko premiatik sortu zen, baina proiektua berrantolatu dut instintiboki apustu politiko gisa: gozamenerako eskubidea eta gure nortasunak duintzeko". Saioetan solasaldiak dinamizatzen ditu, eta bertaratzen diren etorkinei galdetzen die zein paper duen kunbiak haien jatorrizko herrialdeetan –Kolonbia, Mexiko, Argentina, Peru, Guatemala...–. "Dantzaldiaren ondoren, esaten didate: ‘Eskerrik asko, behar nuen eta gozatu egin dut’. Benetan pozgarria eta sendagarria da niretzat”.
Cony Carranza herri-hezitzaile feminista eta antiarrazista da. Hogei urte darama Euskal Herrian bizitzen, eta bokaziozko ogibidea etxeko eta zaintzako lanarekin uztartu behar izan du hamar urtez.
Herri-hezkuntza pedagogia politiko gisa aldarrikatzen du, zeinek klase kontzientzia, feminista, arrazakeriaren aurkakoa eta dekoloniala indartzeko balio duen. Tailerretan gorputza entzuteko, arnasteko, meditatzeko eta emozioak adierazteko praktika kolektiboak proposatzen ditu. Hitza borobilean partekatzeaz gain, plazera, jolasa eta arbasoekin konektatzeko praktika espiritualak jartzen ditu erdigunean.
Dinamizatzen dituen etxeko langileen taldeetan (gehienak Abya Yalakoak), Carranzak kandelak pizten ditu brodatutako tapizen gainean, lurreko elementuak ekartzeko, eta hainbat galdera egiten ditu: "Zerk gaixotzen zaitu? Eta zerk sendatzen zaitu?" Parte-hartzaileek erantzuten dute: Atzerritartasun Legeak gaixotu egiten nau, nire seme-alabak eta nire familia urrun izatearen frustrazioa, arrazismo estrukturala zein egunerokoa. Sendatzen naute alaitasuna, gure eskubideak ezagutzea, antolatuta egotea, lagunak izatea, lanean errespetatua sentitzea, oporrak izatea, denbora propioa izatea sexualitateaz gozatzeko edo, besterik gabe, ispiluan begiratzeko.
Herri-hezitzaile honek zeharka lantzen du migrazio-dolua, emakumeek beren oinarrizko premiekin eta eskubideekin lotura handiagoa duten edukiak eskatzen baitituzte. Hala ere, nabarmendu du gai honen potentzialtasun bat dela aurreko duelu edo trauma sendatu gabeekin konektatzea errazten duela, hala nola haurtzaroko indarkeriekin edo abusuekin.
Hitzaz gain, janariari eta musikari ematen die protagonismoa Conyk: solasaldiaren eta askariaren ondoren, "dantzaldi kritiko" batez gozatzen dute, non letra matxistak ahalduntze propio eta kolektiboko esaldi bihurtzen dituzten. Metodologia kolektibo horien potentzial sendatzailea aldarrikatu du: "Lolita Chavezek dioen bezala, ni osatzen naiz, zu osatzen zara, denok osatzen gara".
[Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2024 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]