Duela hamar-hamaika urte Batasuneko kide ziren 40 lagun epaituko dituzte urriaren 17tik aurrera Espainiako Auzitegi Nazionalean. 'Herriko tabernen' bitartez ETA finantzatzea leporatuta, zortzi eta hamabi urte arteko zigor eskaerei egin beharko diete aurre akusatuek.
35/02 sumarioa, 'Herriko tabernen auzia' deitua, 2002an ireki zuen Baltasar Garzon epaileak, urte hartako apirilean hamaika lagun atxilotzeko agindua eman eta 75 'Herriko taberna' enbargatu zituenean. Sumarioa itxi bitartean, 2008ra arte, orotara ezker abertzaleko 41 kide prozesatu zituen Garzonek. Halaber, 110 'Herriko tabernaren' "arduradun zibilak" ere epaituko dituzte Audientzia Nazionalean.
Aurreikuspenen arabera, 2014ko otsailaren 17ra arte luzatuko dira haien guztien deklarazioak.
Fiskaltzaren zigor eskaerak
12 urteko espetxe zigorra: Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Rufi Etxeberria.
10 urteko zigorra: Karmelo Landa, Juan Kruz Aldasoro, Joseba Alvarez, Jose Luis Elkoro, Josu Iraeta, Adolfo Araiz, Jose Antonio Egido, Txekun Lopez de Aberasturi, Carlos Rodriguez, Mikel Arregi, Esther Agirre, Jasone Manterola, Floren Aoiz, Isabel Mandiola, Juanpe Plaza, Antton Morcillo, Santiago Hernando, Santi Kiroga, Jon Gorrotxategi eta Kepa Gordejuela.
8 urteko zigorra: Jose Luis Franco, Maite Amezaga, Joseba Garmendia, Jon Martinez, Juani Lizaso, Jaione Intxaurraga, Joseba Imanol Kortazar, Ruben Andres Granados, Enrike Alaña, Agustin Rodriguez, Patxi Bengoa, Idoia Arbelaiz, Izaskun Barbarias, Sabin del Bado, Vicente Enekotegi, Andres Larrea eta Pedro Felix Morales.
Epaiketa luze eta korapilotsua
Hainbeste auzipetu eta arduradun zibilekin, luzea eta korapilatsua aurreikusten da epaiketa, Oihana Elduaien Berriako kazetariak nabarmendu duen moduan: Akusatuei deklarazioak hartzeko lau hilabete aurreikusten ditu bigarren aretoak, eta horietan 26 auzi saio egin nahi ditu. Ahozko saio bakoitzean hiru auzipeturi hartuko die deklarazioa. Aurreneko egunean Joseba Alvarez, Joseba Permach eta Idoia Arbelaitzek deklaratuko dute, eta bigarrengoan Rufi Etxeberriak. Urriaren 29an Adolfo Araiz abokatuari egingo dizkiote galderak aldeek, azaroaren 7an Karmelo Landari, 8an Jose Luis Elkorori zein Floren Aoizi eta 18an Arnaldo Otegiri. Auzipetuen ondoren, herriko tabernen ordezkariek deklaratu beharko dute. Azaroaren 19an izango da aurrena, eta otsailaren 17an azkena.